Andoni Urbistondo
Mendate piko eta jaitsiera gaizto xume batek presta daitekeen etaparik gogorrenak baino gauza gehiago erakuts ditzake. Eta hala izan da Malaga aldean. Bigarren mailako mendateak Roglicen ausardia erakutsi du, baina baita esloveniarraren akatsa ere, gehitxo arriskatuz jaitsieran, eta igoeran irabazitako 20 segundoak galduz. Eraso sendo horrek, baina, Enric Mas-ek Velefiquen Roglicen indarraren inguruan sortu zuen eztabaida harrikara bota du aitaren batean. Roglic ondo dago, indartsuena da, eta norbaitek zalantzaren bat bazeukan, Almachar gainean garbi utzi du mendian gora inork ez daukala bera jarraitzeko adore edo indarrik. Ezta Mas-ek ere, Movistar taldean bestela pentsatzen badute ere.
Roglicek eta Jumbo bere taldeak egurra jaso dute maillot gorria oparitu izanagatik. Eiking norvegiarrak lortu du maillot gorria, ihesaldi handi batean sartu eta helmugara 11 minuturekin iritsita, baina Jumbok, eta Roglicek berak, argi eta garbi esan dute ez dutela lidergorik nahi azken astera arte. Lidergoak karga handia suposatzen duela taldearentzat, eta baita liderrarentzat ere, etapa bukaera guztietan podiumeko protokoloa, prentsaurrekoa eta beste pasa behar direlako. Roglicek eta Jumbok maillot gorria galdu dute, nahita, baina efektu kolpe latza eman diote Vueltari. Mezu garbia: 'Ni naiz indartsuena, ausartena, denek nire ipurdia ikusiko duzue". Eiking eta Martin ditu aurretik orain Roglicek, baina aurretik geratzen den mendate zerrenda ikusita, hostoak udazkenean nola, hala eroriko dira gaur sailkapen nagusiko lehen bi postuak bereganatu dituzten txirrindulariak.
Almachar mendateko jaitsierak gauza asko erakutsi ditu. Lehena, eta garrantzitsuena, Roglicek ez zuela ezagutzen, ziurrenik, eta bihurgune batean hankaz gora joan da, igoeran jotako erasoan irabazitako 20-25 segundoak galduz. Baina xehetasun garrantzitsua. Movistar taldean matxino bat dute, eta konformagaitza, edo eramaten erraza ez den matxinoa: Miguel Angel Lopez. Enric Mas taldekidearengandik minutu eskasera dago nagusian, baina mendateko jaitsieran Mas baino askoz solteago, erosoago ikusi zaio. Mas, aldiz, erabat trabatuta, deseroso. Hainbesterako, Lopez-ek metro batzuk hartu dituela, eta Mas-ek autora dei egin duela irratitik, Lopez-i lasaiago joan zedin eskatzeko. Movistar taldean hierarkia bat dago, eta horren buruan Enric Mas dago. Harekin nahi dute Vuelta irabazten saiatu, edo podiumera igo, baina Lopez-ek arrakala ikusi du, Mas-ek jaitsieretan daukana, eta Asturiasko mendietan zorua bustita badago, erne kolonbiarrarekin. Ez baita Mas baino askoz gutxiago izan aldapan gora, eta gehiago da jaitsieretan. Eta maldan behera ere lasterketa asko galdu edo irabazten dira.
Etapari dagokionez, izar gazte bat jaio dela esan beharko. Jaio edo hazi, Michael Storer australiarrak bere bigarren etapa garaipena lortu baitu, ostiralean Balcon de Alicanten irabazi ondoren. Gaurkoa zailagoa zen, 30 iheskide baitzituen ondoan. Asko oso onak: Luisle Sanchez, Aranburu, Trentin, Guillaume Martin, Xakman, Calmejane, Cort Nielsen... Jumbok bidea egiten utzi die, eta azken mendatean, atzetik aurrera egin eta aurkari guztiak utzi ditu atzean DSM taldeko australiarrak, helmugan minutu erdiko errentarekin ailegatzeko. Iheskideen artean maillot gorria lortzeko borroka egin dute Eiking-ek eta Martin-ek, eta Eiking norvegiarrak soineratu du. Sailkapen nagusian Yates eta Bernal izan dira kaltetuenak, beste 40 segundo galdu baitituzte helmugan. Jack Haig, aldiz, podiumean sartzeko hautagai sendoa dela erakusten ari da. Landak beste 10 minutu galdu ditu, eta lasterketa barruan baino kanpoan dago.
Bihar 11. etapa korrituko da, Antequera-Valdepeñas de Jaen, azken kilometroa teleferikoan igotzeko modukoa daukan bukaera gaiztoa. Gauzak nola dauden ikusita, Roglicen aurkari guztiek ihesaldia iristeko lana egingo dute, esloveniarrak helmugan lor ditzakeen gainsariak ez lortzeko. Jumbo, gainera, lan egitetik libratuko da, eta bere txirrindulariak sartzen saiatuko da ihesaldian. Kosta egingo da, gaur bezala, ihesaldia egiten, baina egiten dena ona izango da. Eta gauzak normal, iritsi egingo da helmugara. Non eta Roglicek ez duen beste erakustaldi bat eman nahi, oraindik bere sasoi puntuaz zalantzaren bat dutenentzat...