Egon hadi lo, Primoz, eta jango dek mehe!!!

Andoni Urbistondo 2021ko abu. 19a, 18:58

Magnus Cort Nielsen-ek etapa ehiztari trebea dela erakutsi du, eta tropeleko otsoei aurreratu Cullerako helmuga pikoan, dena galduta zeukala zirudienean

Andoni Urbistondo


Vuelta irabazten badu, gogoratu ere ez da egingo Roglic atzoko etapa galdu izanaz, baina irabazten ez badu ondo iltzatuta geratuko zaio Magnus Cort Nielsenen izena. Danimarkarrak bere muturraren aurrean lapurtu baitio garaipena esloveniarrari. Otsoek, indartsuenek, konfiantza gehitxo izan dutelako ihesean zihoazenak harrapatuko zituztelako, baina batez ere Cort Nielsen txirrindulari puska delako, ehiztari aparta, eta ibili egiten delako asko. Beste azalpenik ez du bestela Cullerako Gazteluko igoeran gertatutakoak, 7 minutuko errenta izan eta maldan gora hasi aurretik 22 segundo ziztrin zituen txirrindulariak lasterketa buruan irautea. Zeraman jipoiarekin, gainera, Education First-ekoa izan baita boskotean errelebo luzeenak eman dituena. Chapeau danimarkarrarentzat, eta lezioa, oilarrentzat. Cort Nielsen-ek "egon hadi lo, Primoz, eta jango dek mehe", esan zion helmugako marra pasata esloveniarrari.

 

Etapa oso arriskutsua izan da. Mila biribilgune, errepide estu, alboko haizea, haize-babes arrisku handia, eta ziztu bizia Valentziako kostaldeko herrietan barrena. Ihesaldia 50. kilometroan egin da, eta zazpi minutu utzi dizkio tropelak. Bike Exchange taldeak hartu du ardura, Matthews-en garaipena buruan, ero-ero, 20 kilometroan lau minutu jan baitizkio ihesaldiari. Egurrean ari zirela, baina, Andrei Zeist, lanean ari zen morroia erori egin da, eta Bike Exchange desagertu egin da tropel burutik. 15-20 kilometro horietan errenta mantendu egin dute aurrekoek, eta tropelak lo hartu. Azken 25 kilometroetan inertziaz, kokapen ona lortzeko borrokaren bitartez jaitsi dute aldea, baina Cort Nielsen-ek nahikoa izan du 20 segundoko alde txikia, garaipen ederra lortzeko.

 

Tropelean INEOS-ek hautsi du taldea lehen kilometro erdian, baina Narvaez-ek ez du ondo neurtu, eta Carapaz eta Bernal liderrak nekarazi ditu. Beste oilarrak ere bai. Geldialdi bat egon da orduan, eta Movistar-ek hartu du ardura. Ondoren Matthewsek eta Vlasov-ek, baina Roglic izan da arrantza egiteko prestatuen zegoena, kainabera prest. Bisai onarekin eta asko neurtuz bere erasoa. Bere azken kolpea jo duenerako, baina, zaldiak ihes egin dio, eta segundo gutxi batzuetako uzta bilduta konformatu behar izan du. Beno, eta lidergoaren maillot gorria, Kenny Elissonde-ek pott egin baitu.


Bihar zazpigarren etapa korrituko da, diferentziak sor ditzakeen lehenengoa, Gandia eta Balcon de Alicante artean. Laburra da etapa, 150 kilometro, baina desnibel metatu handikoa: 3.500 metro pasa. Lehen mailako bi mendate ditu, eta bigarren eta hirugarren mailako beste bi. Lehen mailako bi mendateek erabakiko dute. Lehena, Puerto La Llacuna, 16. kilometroan dago. Bederatzi kilometro da luze, eta batez besteko pendiza %6.5ekoa. Lehen lau kilometroak zortzitik gorakoak. Ondoren, atsedenik hartzeko tarterik ez, eta Jumbo, Roglic liderraren taldea, maillot gorria defendatu edo etapa garaipena ziurtatzeko gogo handirik gabe. Ihesaldiak bidea egiteko aproposa. Bukaera Balcon de Alicante dago, zoru estua eta lakarra. Zenbakiak, serioak: zortzi kilometro pasa %6ra, baina azken lauak %9.5eko batez bestekoa. Lehen azterketa serioa bihar, beraz! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!