Txertoa jasoko dute gaur, Irurtzunen, 12-16 urteko aranoar eta goizuetarrek

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 12a, 00:00

Aresoko eta Leitzako gazteekin batera jarriko diete txertoa, Irurtzungo txertaketa gunean. Beharrezkoa dute aldez aurretik txanda hartzea.

Koronabirusaren aurkako txertoaren lehenengo dosia jasoko dute gaur, Goizuetako eta Aranoko 12 eta 16 urte bitarteko gazteek. Irurtzunera bertaratu beharko dute, bertan jarri baitute beraientzako txertaketa gunea. Bigarren dosia, berriz, irailaren 2an izanen dute; alegia, 21 egun barru.

Txertoa jasotzeko, beharrezkoa dute aldez aurretik hitzordua hartu izana. Horretarako, hainbat modu jarri zituzten au­keran: batetik, interneten egin dezakete, Osasun Karpeta Pertsonalean sartuta; bestetik, emailez, citas.covid@navarra.es helbidera idatzita; 948 37 01 30 telefonora deituta ere egin daiteke; edota, bestela, Nafarroako Osasun Sailaren SMSa jasotzean, bertan erantsiko dieten loturan sartuta.

Txertaketaren deialdia Leitzako eta Aresoko gazteekin batera jaso dute aranoarrek eta goizuetarrek. Dena den, jakinarazi dute txertoa jasotzeko hitzordua ezin dela hartu Leitzako edota Goizuetako Osasun Etxeetan; eta gogorarazi dute, aipatutako lau bideetako bat erabili behar dela txanda hartzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!