Gaur hasiko da Galarretan, Buruz Buruko semifinaletako ligaxka. Imanol Ansa urnietarrak eta Javier Urriza iruindarrak jokatuko dute estreinako partidua, arratsaldeko 17:00etan hasita. Aurreko fasetik sailkatu da Ansa, azkeneko partiduan Goikoetxeari 30-11 irabazita, eta maila bikaina erakutsita. Horrela, urnietarra batuko zaie, txapelketari semifinaletako ligaxkan ekingo dioten hiru erremontistei: Urrizari, Aritz Juaneneari, eta Endika Barrenetxea hernaniarrari. Azkeneko biek, larunbatean jokatuko dute elkarren kontra.
Denera, sei partidu jokatuko dira ligaxka honetan, sei egun ezberdinetan: abuztuak 12, 14, 19, 21, 26 eta 28. Denak denen kontra ariko dira behin, eta beraz, hiru partidu jokatuko ditu erremontista bakoitzak.
Interesgarria izango da Barrenetxearen debuta, larunbatean. Joan den urtean, hernaniarra txapelketatik kanpo geratu zen finalerdietako ligaxkan, eta ez zuen final haundira sailkatzeko aukera izan. Hortaz, arantza kendu nahiko du, eta indartsu ekin azkenaurreko faseari.
Ligaxkako partidu guztiak jokatu ondoren, sailkapenean puntu gehien lortu dituen pelotaria zuzenean sailkatuko da finala jokatzeko. Bigarren eta hirugarren postua lortzen dutenek, aldiz, semifinala jokatuko dute. Eta, azkenik, laugarren sailkatua, txapelketatik kanpo geratuko da, eta ez du finalera sailkatzeko aukerarik izango.
Ez da ligaxkan ariko Aritz Zubiri goizuetarra, txapelketatik kanpo gelditu baitzen joan den astean. Ansaren eta Goikoetxearen arteko lehian, Goikoetxeak irabaztea behar zuen, eta Ansak 23 tanto edo gutxiago lortzea. Baina Ansaren garaipenarekin, aurrera egiteko aukerarik gabe geratu zen Zubiri.
Hiru partidu, gaur arratsaldean
Aurretik esan bezala, jaialdiko bigarren partidua izango da Ansaren eta Urrizaren artekoa. Aurretik, Urrutiak Labakarekin jokatuko du, Zaldua eta Martirena aurrean dituztela. Arratsaldeko azkeneko norgehiagoka, berriz, Goikoetxeak eta Aritz Murgiondo hernaniarrak jokatuko dute, Loitegiren eta Zubiriren kontra.
Norgehiagoka guztiak, gainera, ate irekiekin jokatuko dira. Segurtasun neurri guztiak beteta, ikusleek Galarretan egoteko aukera izango dute.