Udara hau berezia izatea nahi dute Gipuzkoako Parketxeko kideek. Horregatik, hainbat jarduera prestatu dituzte uztailerako eta abuzturako. Programazio horren barruan, asteburu honetan ere zeregina egongo da Listorretan. Iparra galdu gabe izenburupean, orientazio jolasa izango da larunbatean. Goizeko 10:30etan jarri dute horretarako hitzordua eta txandak 20 minuturo izango dira, 12:30ak arte.
Haurrak, gazteak zein helduak gonbidatu dituzte parte hartzera, eta ziurtatu dute jolasa oso entretenigarria izango dela publiko guztientzat. Bereziki, familiei luzatu diete deialdia: «goiz dibertigarria familian pasatzeko plan ezin hobea izango da Listorretan». Gainera, Udako Abenturetako programazioko azken saioa izango da larunbatekoa, eta azpimarratu dute programa ixteko «modu paregabea» izango dela.
Helburua, ondo pasatzea eta «iparra ez galtzea»
Jolasaren izenburuak dioen bezalaxe, larunbateko saioko jomuga izango da «iparra galdu gabe», taldeen orientazioaz baliatuz, zirkuitua betetzea. Listorretako inguruan ibiliko dira bisitariak, eta hainbat froga bilatu beharko dituzte. Baina, iparra galduz gero, noranzkoa eta norabidea zein den guztiz nahasten badute, bertako paraje ederretatik barrena galtzeko arriskua edo zortea izango dute. Hala ere, noski, iparra galdu edo ez galdu, guztiek gozatuko dute bertako inguruaz.
Abiapuntua Listorretako aisialekuko etxola izango da, eta talde bakoitzak bertatik hasiko du jolasa. Oraingo honetan, egungo osasun egoera dela eta, talde txikitan egingo dute jarduera. Hori horrela, segurtasun distantziak mantentzea bermatuko da. Gainera, eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoak eramango dituzte antolatzaileek, eta derrigorrezkoa izango da partehartzaileek maskarilla erabiltzea.
Horrekin guztiarekin, familian zein lagunartean momentu dibertigarria bizitzeko aukeraz gain, Aiako Harriko natur parkea ere ezagutuko dute partehartzaileek; «anima zaitez natur parketik barrena ibilbide paregabe bateko bitxikeriak ezagutzera eta gozatzera!», luzatu dute deialdia, antolatzaileek.
Parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea
Gipuzkoako Parketxeko arduradunek adierazi dute parte hartzeko interesa dutenek beharrezkoa izango dutela aldez aurretik izena ematea. Horretarako eta edozein zalantza argitzeko hauxe dute kontaktua: arditurri@gipuzkoanatura.eus helbidera edo www.gipuzkoanatura.eus webgunera mezua bidalita; edota 943 49 50 69/ 688 895 068 telefono zenbakietara mezua bidalita edo deituta.
Bestalde, jarduerako prezioa, pertsonako, 3 eurokoa izango da. Orientazioko saioa, era berean, euskeraz zein gazteleraz izango dela jakinarazi dute