Areson izanen da igande honetan Mendialdeko Azoka Ibiltaria

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 9a, 00:00
Ekainean izan zen Mendialdeko Azoka, Goizuetan. Argazkia: Felix Loiarte

25 postu paratuko dituzte, eta euskal artzai txakurren erakustaldia ere eginen dute, goizean zehar.

Areson eginen du hurrengo geldialdia, Mendialdeko Azoka Ibiltariak. Igande honetan izanen da, eta herrian barrena paratuko dituzte postuak, goiz osoan zehar. 10:30etan zabalduko dituzte, eta 14:00ak arte izanen da aukera, gerturatzeko.

25 postu izanen dira guztira, elikagaienak zein artisauenak. Aurrenekoen artean izanen da Goizuetako bat, Domiña baserriak paratuko duena, betizu haragiarekin eta txorizo ekologikoarekin. Gainerakoan, mota guztietako produktuak izanen dira aukeran: txekor haragia, ardi, ahuntz eta behi gazta, garaiko barazkiak eta frutak, taloak, ezti gordina, pateak, etxeko mermeladak, garagardoa...

Eta artisauen artean, beste horrenbeste: larrua, natur eta landa eremuko argazkiak, kosmetika naturala, eskulanak, zapatak, egurrezko tailak, zeramika, belarritakoak... Habelarte elkartearen informazio postua ere izanen da azokan.

Gainera, euskal artzai txakurren erakustaldia ere eginen dute bertan, goizean zehar.

Ekainean izan zen Mendialdeko Azoka Goizuetan, eta Leitza, Araitz, Aldatz, Latasa eta Basaburua ere bisitatu ditu aurten. Hurrengo hitzorduak ere jarri ditu dagoeneko: irailaren 18an Atetzen, eta azaroaren 7an Lekunberrin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!