Buruz Burukotik kanpo geratu da Zubiri, eta Ansak egin du aurrera

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 9a, 00:00

Ezingo dute elkarren kontra jokatu, Zubirik eta Barrenetxeak. Argazkia: Maialen Andres

Urnietarrak aldearekin menderatu zuen Goikoetxea (30-11). Ostegunean hasiko da semifinaletako ligaxka, Barrenetxearekin.

Zaila zeukan Buruz Buruko semifinaletara sailkatzea Aritz Zubiri goizuetarrak, eta horixe konfirmatu zuen Imanol Ansa urnietarrak, larunbatean. Hark galtzea behar zuen Zubirik, baina horren ordez, alde haundiarekin nagusitu zen Ansa, Ander Goikoetxearen kontra (30-11).

Hori horrela, txapelketatik kanpo geratu da goizuetarra, ligaxkan bigarren sailkatuta; eta urnietarrak egin du aurrera, semifinaletako ligaxkara, maila eta sendotasun haundia erakutsita. Fase horretan, Endika Ba­rrenetxea hernaniarrari, Javier Urrizari eta Jon Juaneneari batuko zaie Ansa.

Ostegun honetan hasiko da semifinaletako ligaxka, eta sei partidu jokatuko dira guztira, sei egun ezberdinetan: abuztu­ak 12, 14, 19, 21, 26 eta 28. Denak denen kontra ariko dira behin, eta beraz, hiru partidu jokatuko ditu erremontista bakoitzak.

Aurreko faseetan bezalaxe, puntu banaketa izango da partidu bakoitzean, lortutako tantoen arabera. Horrela, irabazleak 4 puntu eskuratuko ditu, eta galtzaileak, 27 eta 29 tanto bitartean lortuz gero, 2 puntu; 24 eta 26 tanto artean eginez gero, puntu bat; 17 eta 23 artean lortuta, punturik ez; eta 16 tanto edo gutxiago eginda, puntu bat kenduko zaio sailkapenean.

Partidu guztiak jokatuta, li­gaxkan puntu gehien lortu dituen pelotaria zuzenean sailkatuko da finala jokatzeko; eta bigarren eta hirugarren sailkatu direnek, semifinala jokatuko dute, finaleko bigarren txartelaren bila. Laugarren sailkatua, berriz, txapelketatik kanpo geratuko da.

Fase honetan ekingo dio txapelketari, Endika Barrenetxea hernaniarrak. Joan den urtean, laugarren postu horretan bukatu zuen semifinaletako ligaxka, eta arantza atera nahi du aurten, 2019an lortu zuen txapela berriro janzten saiatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!