Gutxienez bost tantoren aldearekin irabazi behar zuen Aritz Zubirik, ostegunean, Buruz Buruko txapelketan bizirik jarraitzeko. Eta goizuetarrak ondo baino hobeto egin zituen bere lanak: 30-19 nagusitu zen, Goikoetxea V urnietarraren kontra. Horixe izan zen jaialdiko aurreneko ezustekoa: Joxin Aizpuruk txapelketa utzi behar izan du, gaixorik, eta Ander Goikoetxea sartu da bere ordez, prebiako bigarren sailkatua izan zelako.
Kontrarioa aldatuta ere, ideiak garbi izan zituen Zubirik hasieratik, eta bi tanto inguruko aldearekin izan zen aurretik markagailuan, partiduaren zati gehienetan. Berdintzea ere lortu zuen Goikoetxeak, behin baino gehiagotan, 15na esaterako. Baina 20-18 zirela, erabat nagusitu zen Zubiri: sakearekin gehiago asmatu zuen, eta konfiantzarekin aritu zen. Horrela, ihes egin zuen, 10-1eko partziala lortu eta garaipen haundia ziurtatzeko.
Horrekin, bizirik jarraitzen du goizuetarrak, Buruz Burukoaren azken fasera sailkatzeko lehian. Gaur erabakiko da hori, urnietarren arteko lehiarekin: Goikoetxeak irabaztea behar du Zubirik, eta Ansak 23 tanto edo gutxiago lortzea. Galarretan jokatuko dute, 17:00etan hasita, eta adi-adi jarraituko du partidua, goizuetarrak.
Jaialdiko hirugarren partidua izango da urnietarrena. Aurretik, bi hernaniar ariko dira lehian: Aritz Murgiondok Loitegirekin jokatuko du, Zaldua II eta Martirena aurrean dituztela; eta Endika Barrenetxea Segurolarekin ariko da, Urrizaren eta Zalduaren kontra.