Milioi bateko dirulaguntza partida Aldundiak, lehen sektorearentzat

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 6a, 00:00

Pandemiaren kalteei aurre egiteko, dirulaguntzak emango dizkie behi, ardi eta ahuntz aziendei, eta sagardoaren eta txakolinaren elaborazioari.

Zuzeneko dirulaguntzak emango ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, Covid-19aren pandemiak nekazaritzan eta abeltzaintzan eragin dituen kalteei aurre egiteko. Milioi bat euroko partida bideratu du horretara, eta honako jarduerak dauzkatenek eskatu ahal izango dute dirulaguntza: behi azienda (haragitarakoa eta esnetarakoa), ardi eta ahuntz aziendak, sagardoaren elaborazioa, txakolinaren elabo­razioa, eta behi azienda suharra. Behi aziendaren sektorera­ko laguntzak gehitu izana da deialdiaren nobedade nagusia.

Baldintzak betetzen dituztenek, 7.500 eurora arteko dirulaguntza jaso ahal izango dute, dauzkaten abereen eta sagardoa egiteko erabilitako sagar kopuruaren arabera

«Dirulaguntza hauekin, arindu nahi ditugu krisiaren eragina eta azpisektore horietako ustiategi asko jasaten ari diren zailtasunak, lanean jarrai dezaten laguntzeko, eta horrela, eusteko Gipuzkoako landa ingurunearen jarduera ekonomikoari, enpleguari eta dinamismoari», nabarmendu du Jabier Larrañagak, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak. Larrañagak berak azaldu zuen, «gorabeheratsua» izan dela, krisiak lehen sektorean izan duen eragina: «batzuek jarduerari eutsi ahal izan diote, eta beste batzuei, berriz, gehiago eragin die geldialdi ekonomikoak eta eskariaren krisiak. Eragina bereziki nabarmena izan da jarduera horietan, eta kalte ekonomiko nabarmenak eragin dizkie horietan aritzen diren autonomoei eta ETEei. Plan honekin, lehen sektorearen biziraupena erraztu nahi dugu. Izan ere, krisi honek utzi digun ikasbideetako bat da, oso garrantzitsua dela lurraldean lehen sektore sendo eta dinamiko bat izatea».

Eskaerak aurkezteko epea zabalik, irailaren 17ra arte

Asteazkenean argitaratu zuen deialdia Aldundiak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean; eta dagoeneko zabalik dago eskaerak aurkezteko epea, irailaren 17ra arte. Internet bidez aurkeztu beharko dira, egoitza.gipuzkoa.eus webgunean, dirulaguntzen atarira sartuta. Horretarako, sinadura elektronikoa edo pasahitz operatiboa erabili beharko dituzte. Webgune horretan bertan aurkitu daiteke deialdiaren informazio guztia ere.

Gehienez ere, 7.500 euroko dirulaguntza jaso ahal izango du bakoitzak. Azienden kasuan, buru bakoitzeko emango dute kopuru bat (esne behiak 55 euro, haragi behiak 48 euro, ardiak 7 euro, ahuntzak 10 euro eta behi suharrak 50 euro), baldintza batzuk betez gero. Sagardogileei dagokienez, 1.500 euroko kopuru finkoa emango diote bakoitzari, gehi 0,03 euro sagardoa egiteko erabiltzen den sagar kilo bakoitzeko, Euskal Sagardoa izendapenarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!