Chillida Lekuko jatetxea, bertako edariak nazioartera zabaltzeko zubi

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 6a, 00:00
Chillida Lekuko, Lurra Café jatetxeko, HAZI fundazioko eta edarien sektoreko ordezkariak, atzoko aurkezpenean.

Hitzarmena sinatu dute museoak eta HAZIk, eta horren bitartez, Basque Wine markako edari guztiak eskainiko dituzte Lurra Café jatetxean, Euskadiko edariak balioan jartzeko.

Hitzarmena sinatu berri dute Chillida Leku museoak eta HAZI fundazioak, «Euskadiko ardogintza sektorearen eskaintza berezia sendotzeko, tokiko kontsumoari zein kontsumo turistikoari begira». Atzo aurkeztu zuten akordioa, Chillida Lekuko belardian, museoa bisitatzen ari ziren makina bat turistak borobildutako testuinguruan.

Hitzarmen horren bitartez, Basque Wine markako edari guztiak txertatuko ditu Lurra Cafék, Chillida Lekuko jatetxeak, bere eskaintza gastronomiko­an. Gainera, edari horien presentzia bermatuko dute, museoan egiten diren ekimenetan ere.

«Jatetxea martxan jarri genuenean, nahi genuen islatzea Eduardo Chillidaren balioak. Eta Oronarekin daukagun harremanari esker, Fede Pacha ezagutu genuen, eta horrekin batera, Diametro 200 jatetxea, eta Fedek bertako produktuak eta ekoizleak indartzeko daukan proiektua ere. Eta zoragarria iruditu zitzaigun. Horregatik batu genituen indarrak; eta orain HAZIrekin egin dugun akordioa norabide horretan dijoa. Chillida Lekuk euskal kultura mundura zabaltzen duen neurrian, bertako produktuak ere eskutik eramango ditu», nabarmendu zuen Mireia Massaguék, Chillida Lekuko zuzendariak.

Ideia horretan jarri zuen indarra Fede Pachak berak, Lurra Caféko arduradunak, atzokoan: «Lurra Café inauguratu genuenetik, bertako produktuen eta ekoizleen aldeko apustua egin dugu. Akordio honek, konpromiso hori indartu besterik ez du egiten», adierazi zuen.

Museoaren apustuarekin eta egindako akordioarekin «oso eskertuta» agertu zen Bittor Oroz, HAZIko presidentea eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordea: «guretzako sekulako ohorea da hemen egotea. Eduardo Chillidaren balioak primeran txertatzen dira HAZIrekin. Euskadiko gastronomian altxor txikiak dauzkagu, jakietan bezala, edarietan ere bai, izan ardoa, garagardoa edo sagardoa. Kalitate haundiko produktuak dauzkagu, eta balioan jarri nahi ditugu. Eta elkarlan honek indarra emango die, Eduardo Chillida beti izango delako figura unibertsala, eta nazioartera zabaltzen lagunduko digulako. Horretarako sortu zen Basque Wine, pandemia betean; eta datozen hilabeteetan marka indartzen jarraitu nahi dugu, ekimen gehiagorekin».

 

Nazioarteko ekitaldietan, bertako edariak integratzen saiatzeko konpromisoa

Eduardo Chillidak nazioartean duen indarra, bertako gastronomiaren mesedetan baliatzeko ideiarekin bat egin zuten atzoko aurkezpenera bertaratu zirenek, eta Massaguék nabarmendu zu­en, artista hernaniarra beti izan dela «Euskadiren enbaxadore munduan». Horregatik uste du, museoa Basque Wine markarekin lotzeak ahalbidetuko duela «bertako ekoizleak laguntzea, gure mugen barruan eta mugetatik kanpo». Izan ere, museoan antolatuko diren ekitaldi propio zein pribatuetan Basque Wine markako edariak sustatzeaz gainera, Chillida Lekuk konpromisoa hartu du bertako edariak «Euskaditik kanpo antolatzen ditugun nazioarteko ekitaldietan integratzen saiatzeko».

Basque Wine marka berriaren helburua da, Euskadiko edarien eta upategien sektorea sustatzea, eta honakoak babesten ditu: Euskal Sagardoa izendapeneko sagardoak; Basque Beer artisau garagardoaren marka kolektiboko garagardoa; EAEn botilaratutako eta Eskualdeko Ardo, Udalerriko Ardo edo Arabako Errioxako mahasti berezi gisa etiketatutako ardoak; eta Arabako Txakolina, Bizkaiko Txakolina eta Getariako Txakolina jatorri izendapeneko txakolinak. Edarien sektoreari laguntzeko estrategiaren barruan kokatzen da, sinatu berri duten hitzarmena ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!