Hil ala biziko partidua izanen du Aritz Zubirik gaur, Buruz Buruko txapelketan aurrera egiteko lehian

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 5a, 00:00

Aritz Zubiri, aurreko partidu batean. Argazkia: Maialen Andres

Joxin Aizpururen kontra jokatuko du goizuetarrak, 17:00etan hasita Galarretan. Gutxienez bost tantoren aldearekin irabazi beharra dauka Zubirik, txapelketaren azkeneko fasera sailkatzeko aukera izateko.

olada onean da Aritz Zubiri erremontista goizuetarra. Julen Loitegirekin San Fermin torneoa irabazi ondoren, sekulako maila erakutsi du Buruz Burukoan, eta prebia gaindituta, txapelketa nagusia jokatzen ari da. Sasoiko dabil, azkeneko partiduetan erakutsi duen bezala. Eta horrexegatik ez du nahi bere ibilbidea gaur bukatzerik, torneoan.

Hil ala biziko partidua jokatuko du goizuetarrak gaur, Joxin Aizpururen kontra, ligaxkako bigarrena. Hil ala bizikoa da, Imanol Ansaren kontra galdu izanak asko zaildu zizkiolako kontuak, partidu ona jokatu eta peloteoan nagusi izan arren. 26-30 galdu zuen Zubirik, eta hori horrela, kontuak garbi daude berarentzat: gutxienez bost tantoren aldearekin irabazi beharra dauka gaur, eta hortik aurrera, Aizpuru eta Ansaren arteko partiduaren zain geratu beharko du: Aizpururen garaipena be­harko luke Zubirik, eta Ansak 23 tanto edo gutxiago egitea.

Ia karanbola da goizuetarrak behar duena, azkeneko fasera sailkatzeko; baina edozer gerta daiteke Buruz Burukoan. Eta horretarako, gaurkoa du aurreneko pausoa, garrantzitsuena. Galarretan jokatuko du, 17:00etan hasiko den jaialdian.

Hirugarren partidua izanen da Zubiriren eta Aizpururen artekoa. Aurretik, beste bi partidu izanen dira; eta bi hernaniar ariko dira horietan. Aurrena, Aritz Murgiondok jokatuko du, Urrutia IIrekin, Loitegiren eta Labakaren kontra. Eta ondoren, Endika Barrenetxea ariko da, Goikoetxea Vrekin, Juanenearen eta Martirenaren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!