Sei txapela jantzi dituzte bailarako esku pelotariek, Zikuñaga Papelera torneoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko abu. 3a, 00:00

Xuban Goñi pelota jotzeko prest, Xuban Iturbe begira duela. Erraz irabazi zuten finala, astigartarrak eta hernaniarrak.

Txapeldun izan dira Xuban Goñi eta Xuban Iturbe, Julen Deskarga, Jon Jara, eta Xabier Apaolaza eta Anartz Oiartzabal. Jubenilen eta kadeteen final guztietan izan da bailarako irabazlerik.

Sekulako txapelketa ari ziren jokatzen, eta ezin hobeto borobildu dute lana Urumea bailarako esku pelotariek, etxeko txapelketan: Zikuñaga Papelera tor­ne­oan. Izan ere, sei txapela jantzi dituzte, eta kadeteetan eta jubeniletan, final guztietan izan da bailarako irabazleren bat.

Erraz eskuratu zituzten aurreneko bi txapelak, kadeteen bigarren mailan, Xuban Iturbe hernaniarrak eta Xuban Goñi astigartarrak. Nagusi izan ziren hasieratik bukaerara, eta 18-4 irabazi zieten Epleko Lizarazuri eta Gaztelekuko Berozi.

Kadeteen lehenengo mailan, berriz, hiru hernaniar ziren protagonista, eta Julen Deskargak lortu zuen sari potoloa, Lapkeko Erauskinekin batera, Manex Martin eta Oier Alegria herrikideak txapelik gabe utzita (18-7). Estua eta lehiatua izan zen partidua hasieran, baina eskuineko eskuarekin arazoak izan zituen Alegriak gero, eta desorekatu egin zen finala, hortik aurrera.

Goizean izan ziren kadeteen bi finalak eta jubenilen bigarren mailakoa.

Jubeniletan eskuratu zituzten beste hiru txapelak, Hernaniko esku pelotariek. Bigarren mailan, Jon Jarak jantzi zuen horietako bat, Lagunak taldeko Kañamaresekin batera, Ilunpeko Labaka eta Lapkeko Goiburu mendean hartuta (18-14). Gogotik egin behar izan zuten lan Jarak eta Kañamaresek, eta baita sufritu ere, eskuetako minekin bukatzeraino. Baina beraien esperientzia baliatu zuten, finala irabazteko.

Eta jubenilen lehenengo mailakoa izan zen eguneko partidurik onena. Oso lehiatua izan zen finala, eta sekulako maila erakutsita, Xabier Apaolaza eta Anartz Oiartzabal hernaniarrek jantzi zuten txapela, Lapkeko Kerejetaren eta Gaztelekuko Belokiren kontra (18-15).

Nagusien bi finaletan ez zen izan bailarako ordezkaririk. Bigarren mailan, Intxurreko Oiarbide eta Larraungo Galartza izan ziren nagusi, Oiarpeko Etxaberen eta Olaizen kontra (18-15). Eta lehenengo mailan, Intxurreko Zubeldia eta Irazustabarrena nagusitu ziren, Añorgako Urmenetaren eta Zazpi Iturriko Belokiren kontra (18-9).

Arratsaldean jokatu zuten jubenilen lehenengo mailakoa, eta nagusien bi finalak.

Uztailaren 1ean hasi zen Zi­kuñaga Papelera txapelketaren hirugarren edizioa, 22 klubeta­ko 104 esku pelotarirekin. Eta hilabete osoan makina bat partidu lehiatu ondoren, jokoan zeuden 12 txapeletatik, erdiak jantzi dituzte bailarako pelotariek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!