Zubirik gaur hasiko du Buruz Buruko erremonte txapelketan bere ibilbidea

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 31a, 00:00

Urriza ez beste, aurkezpenean beste bost erremontistak egon ziren. Argazkia. Maialen Andres.

Ansa II.aren aurka jokatuko du aurre ligaxkaren lehenengo partidua. Barrenetxeak abuztuaren 14an egingo du debuta Juanenearen kontra.

Hernaniko Galarreta pelotalekuan aurkeztu zen ostegunean,  39. Buruz Buruko Erremonte Txapelketa-Kutxabank Sari Nagusia. Bertan egon ziren Aritz Zubiri goizuetarra eta Endika Barrenetxea hernaniarra. Gainera, goizuetarrak gaur egingo du debuta, Ansa II.aren aurka, aurre ligaxkaren lehenengo partiduan, 17:00etatik aurrera. Guztira sei erremontistek hartuko dute parte txapelketan, aipaturiko bailarako bi pelotariek, Ansa II.ak, Aizpuru III.ak, Juaneneak eta Urrizak.

Gaurko partidua aurre ligaxka bati dagokiona da. Ansa, Zubiri eta Aizpuru III.ak jokatuko dute. Hiru erremontistek lehen postuan geratzea izango dute helburu eta irabazlea finalerdietako ligaxkara pasako da. Bigarren eta hirugarren postuetan sailkatzen direnak kanporatuta geratuko dira txapelketatik. Sailkapena puntuen bitartez neurtuko da berriro ere eta guztira hiru partidu jokatuko dira.

Txapelketako partidu guztiak ostegun eta larunbatetan jokatuko dira 17:00etan hasiko den jaialdian. Beraz, lehenenego ligaxkako bigarren partidua abuztuaren 5ean jokatuko da eta hirugarrena abuztuaren 7an.

Lehenengo sailkatua finalerdietako bigarren ligaxka batera pasako da, eta bertan, txapelerako faborito nagusiak izango ditu zain: Urriza, Barrenetxea IV.a eta Juanenea. Sei jardunaldi eta sei partidu jokatuko dira, denak denen aurka.

Lehenengo sailkatua irailaren 11ko finalera pasako da eta bigarren eta hirugarren sailkatuak irailaren 4an jokatuko den finalaurreko batean lehiatuko dira elkarren aurka. Ligaxkan azken sailkatua txapelketatik kanpora geratuko da. Sailkapena puntu bidez ordenatuko da.

Finalerdietako ligaxkako lehen partidua, ohi bezala, aurreko edizioko txapeldunak irekiko du, Urrizak kasu honetan. Aurreko ligaxkatik sailkatutakoaren aurka neurtuko ditu indarrak. Hori abuztuaren 12an izango da eta Barrenetxea eta Juanenea abuztuaren 14an estreinatuko dira. Beste lau jardunaldiak jokatuko dira, hurrenez hurren, abuztuaren 19an, 21ean, 26an eta 28an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!