Zikuñaga Papelera Torneoko finalak etzi jokatuko dira, bailarako zortzi esku pelotarirekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 29a, 00:00

Anartz Oiartzabal, aurreko partidu batean.

Xuban Iturbe, Xuban Goñi, Julen Deskarga, Manex Martin, Oier Alegria, Jon Jara, Xabier Apaolaza eta Anartz Oiartzabal daude sailkatuta.

Etzi, larunbatarekin, jokatuko dira Zikuñaga Papelera Torneoko finalak, kiroldegiko frontoian. Eta horietarako sailkatuta daude CD Hernaniko zazpi pelotari, eta Mundarroko bat.

Semifinaletan, bigarren mailako kadeteetan, Xuban Iturbe hernaniarrak eta Xuban Goñi astigartarrak 18-7 irabazi zieten Arruti eta Plazaolari. Kadeteen 1go mailan, berriz, Julen Deskargak eta Lapke klubeko Erauskinek 18-17 irabazi zieten Unax Manterolari eta Peru Urdanpilletari. Finala Manex Martin eta Oier Alegria hernaniarren aurka jokatuko dute, haiek Leonet eta Mitxelenari semifinala irabazi eta gero (18-11). Beraz, hiru hernaniar ariko dira final horretan. 

Bigarren mailako jubeniletan, Jon Jara hernaniarrak eta Barañaingo Kañamaresek 18-14 irabazi zieten Lakosta eta Apeztegia bikoteari. Eta jubenilen lehenengo mailan, Xabier Apaolazak eta Anartz Oiartzabalek jokatuko dute finala.

Villabonako Santiokoan, Apaolaza eta Oiartzabal

Bestetik, atzo arratsaldean ziren finalak jokatzekoak, Villabonako Santio txapelketa pribatuan; eta Hernaniko bikote bat aritu zen partiduetako batean.

Xabier Apaolazak eta Anartz Oiartzabalek jubenil mailako finala jokatu zuten, Donostiako Alde Zaharreko Olaizola eta Sorondoren aurka. Bikote hernaniarra oso momentu onean iritsi zen finalera.

Finalerako bidean Aburuza-Jau­regi (Behar Zana) eta Olasagasti-Iraola (Behar Zana) mendean hartu zituzten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!