«Zerbitzu publikoaren aurkako azken erasoa da autobusen murrizketa»

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 28a, 00:00

Kontseilu Sozialistak doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala den autobus zerbitzua eskatzen du.

Kontseilu Sozialistak autobus zerbitzuan egin diren aldaketen aurka idatzia argitaratu berri du eta oso kritiko agertu da Aldundiaren erabakiarekin eta martxan jarri duen autobus zerbitzu berriarekin. «Azken asteotan zerbitzu publikoen aurkako enegarren erasoaren lekuko izaten ari gara. Langile klaseak hain beharrezkoa duen autobus zerbitzuan ordutegi murrizketa izugarriak eman dira, eta honek lehen egunetik ekarri ditu arazoak».

Ezinegon haundia sortu du Buruntzaldeko autobus erabiltzaileen artean, uztailaren 1ean martxan jarri zen zerbitzuak, eta Kontseilu Sozialista kexa horiekin bat dator. Alde batetik, hainbat egunetan erabiltzaile kopurua asumitu ezin eta geltoki askotan geratu ere ez direla egin autobusak azpimarratzen du Kontseilu Sozialistak. «Gainera, pertsona kopuru haundiegi hau dela-eta Covid neurriak betetzea ezinezkoa izan dela ere badakigu. Eta hau guztia nahikoa izango ez balitz, zenbaitetan langileek euren lanpostura iristeko behar duten autobusarekin ere arazoak izan dituzte, egoera horrek dakarren kalte zuzena pairatuz».

 

«Langileriaren aurkako azken erasoa da», azpimarratzen dute

Kontseilu Sozialistatik diotenez, «langileriaren aurkako azken eraso hau, bizitzen ari garen kapitalaren ofentsiban kokatzen dugu dudarik gabe. Gure inguruan argi eta garbi ikusten ditugu langileria miseriara kondenatzea helburu duten politikak, behin eta berriro burgesiaren eta haren morroien irabazi ekonomiko eta politikoak lehenesten dituztenak. Gainera, umiliazio hau onartu ez ezik euren helburu politikoetarako erabiltzen dutenen jarrera salatu nahi dugu, askotan euren aldarrikapen erreformistak langileon interesen defentsaren itxurapean ezkutatu arren», nabaritu nahi dute.

Horregatik, autobus zerbitzu doako, kalitatezko eta unibertsala aldarrikatzen dute Kontseilu Sozialistatik, «langileriaren interesen menpe antolatuko dena. Eta horretarako guztiz beharrezkotzat jotzen dugu langile antolakuntza, burgesiaren interesetara antolatutako politika instituzionaletik kanpo baino lortu ezin dena».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!