Suharri Rodriguez 'Paolla' Gipuzkoako txapeldun aizkoran, bigarren mailan

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 28a, 00:00

Suharri 'Paolla' txapelarekin eta beste partaide guztiekin.

Astigarragan jokatutako txapelketan, txapela eta Gipuzkoako bost aizkolari onenen artean sartzea lortu du Fagollagakoak. Bigarren sailkatu zen Jokin Urretabizkaia, Julen Gabirondo bosgarren eta Axel Larrañaga hamaikagarren.

Suharri Rodriguez Paollak ikaragarrizko garaipena lortu zuen Gipuzkoako bigarren mailako aizkolari txapelketan. Fagollagako aizkolariak txapela jantzi zuen eta bide batez Gipuzkoako lehenengo mailako aizkolari bihurtu da. Horrek esan nahi du lurraldeko bost aizkolari onenen artean kokatu dela. Hori dena gainera, etxetik gertu lortu zuen pasa den astelehenean; Astigarragako Foru Plazan, lagun, bizilagun eta herritar askoren aurrean. Beraz, poza hirukoitza izan zen Paollarentzat.

Aizkolariek sei enbor: lau kanaerdiko eta 60 ontzako bi enbor ebaki behar zituzten eta hamabi aizkolarik hartu zuten parte. Hiru txandetan banatu zituzten eta aurrenekoan aritu zen Paolla, Axel Larrañaga hernaniarrarekin batera. Paollaren lana oso ona izan zen eta gaindiezina bihurtu zen mugarria jarri zuen 15 minutu eta 54 segundurekin.

Axel Larrañaga ez zen ongi aurkitu eta hamaikagarren amaitu zuen. Bigarren txandan aritu zen Jokin Urretabizkaia Basozabal. Paolla eta biak erakustaldi eta txapelketa askotan osatu dute bikote eta astelehenean aurkari gogorrenak izan ziren. Donostiarrak bigarren amaitu zuen garailearengandik 33 segundura.

 

Irazu, Euskal Herriko azpitxapelduna, atzean utzita

Suharriren maila altua erakusten duen datua da, Jon Irazu zizurkildarra hirugarren geratu izana. Irazu Euskal Herriko azpitxapeldun izana da lehenengo mailan eta aurreko urtean finalera ere sartu zen. Laugarren amaitu zuen Xabier Zaldua zumarragarrak eta bosgarren Julen Gabirondo urnietarrak. 23 segunduko aldea egon zen orain gutxi desafioan neurtu diren bi aizkolarien artean.

Urumea bailaran azken hiru urteetan lan ona egiten ari dira aizkolaritzaren inguruan eta zaletasuna eta aizkolari kopurua haunditzen doaz etengabe. Gainera Foru Plazan jendetza bildu zen eta arrakasta itzela izan zuen txapelketak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!