Agian ez da ematen duena

Kronika - Erredakzioa 2021eko uztailaren 24a

Oskorri. Idoia Telleria Maritxalar

Argazki honi begiratzen diot, argazki hau ikusten dut eta emozioei, sentimenduei eta pizten dizkidan erreakzioei hitzak jartzen saiatzen naiz.

Baina orain nekatuta nago eta kosta egiten zait pentsatzea, oporrak behar ditudala uste dut, opor luze batzuk. Horregatik, beharbada, agian, orain dirudiena bakarrik ikus dezaket: egur zati bat eta burdin-hesi metaliko bat, besterik ez. Begi bistaz irudi gogorra da, askatasun gutxikoa, imaginaziorako ezer gutxi ematen duena, eta berriro ere oporrak behar ditudanaren sentsazioa…

Egun batzuk barru begiratuko diot, beste begi batzuekin begiratuko diot, lasaiago. Goitik begiratuko dut, azpitik eta tartetik, eta ikusiko dut; eta agian hesia gaindituko dut, egurra zeharkatu eta atzean utziko dut, irudimenari bide emanez, barne sentsazioak loratzen utziz.

Baina, itxaron pixka batean, berriro begiratzen diot, zeharka. Ez dakit itxaron ahal izango dudan, jakin-mina piztu zait, barruko zirrarak, kilimak. Beharbada, agian, nahikoa hurbiltzen banaiz, haren ñabardurak, koloreak, adjektiboak ikus ditzaket, soinuak, xuxurlak, ahotsak entzun, eta beharbada, agian, sumatzen den zulo horretatik begiratu eta atzean dagoena ikus eta entzun dezaket. Elkarri begirako lerroak ote? Kateatutako lerroak? Ilusiozko elkartzeak? Sare bat agian? Zer da sareak elkartzen duen hori? Eta bertan sortzen dena? ilusioak? Begira jarraituko dut, beharbada, agian, ez baita ematen duena.

ISLADAK

www.isladak.eus

 

Hernaniko Elkarlan Sorgunea
Iturola.eus
Florida Auzoa,28 - 20120 Hernani

 

Talleres Mitxelenak babestutako atala

Eziago Poligonoa, 21
Zikuñaga Auzoa, Hernani
www.talleresmitxelena.eus

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!