Terraza, parrila eta sagardoa, uda honetarako plana

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 24a, 00:00
Udan sagardotegiez gozatzeko aukera izango da aurten ere. Argazkia: Euskal Sagardoa.

Aurtengo udan ere, segurtasun neurriak mantendu behar dira, osasun alarman sartuta baikaude oraindik. Hala ere, plan ugari daude uda ezin hobea pasatzeko, eta haietako bat da Urumea bailarako sagardotegietan bapo bazkaldu, afaldu edota ekitaldiez gozatzea.

Gaur egun bizi dugun egoera xamurra ez bada ere, uda,  ahal den neurrian ongi pasatzeko da. Hori horrela, udako plan batzuk gomendatzen ditugu. Askotan, ohitura izan ohi da, norberaren herritik urrundu eta beste toki batzuk ezagutzera joatea, eta hori, argi dago plan paregabea dela. Baina Urumean, udaz gozatzeko txoko ederrak ere badaude, esaterako: sagardotegiak.

Izan ere, azken urteotan bizi dugun egoerak, sagardotegietan eraldaketa ugari ekarri ditu, eta horietako bat izan da, udan ere irekitzea. Aukera eder hau eskaintzen dute, Altzuetak, Lizeaga eta Petritegik.

 

Sagardotegiak, 2021eko  udan

Altzuetak, abuztuaren 14ra arte mantenduko ditu ateak irekita, eta udako menuak eskainiko ditu betiko sagardotegiko menuaz gain; «Tomate entsalada freskoa eta bakailu entsalada ere badaukagu. Horrez gain, hegaluzea parrilan, eta txipiroi begi haundia parrilan ere badaukagu, bigarren plater gisa».

Eguraldiak laguntzen ez badu ere, jaki hauek Altzuetako terrazan  jateko paregabeak dira, euskal sagardoa probatzeko parada ere eskainiz; «Gipuzkoako sagardo txapelduna dastatzeko aukera izango dute, herritarrek».

Lizeaga sagardotegia maiatzatik azarora arte irekita mantenduko da, udan ere sagardotegiaz gozatzeko aukera eskainiz. Lizeagak ere, sagardotegiko menuaz gain, urte osorako menu oparia eskaintzen du, honakoa hain justu: «txorizo pintxoa, tomate edo letxuga  entsalada, bakailu tortilla, bakailu frijitua piperrekin, saiheskia, txuleta, gazta, irasagar eta intxaurra, teilak eta zigarretak, eta Larreta izozkiak, besteak beste. Horrez gain, azaldu dute menuaren baitan sartzen dela sagardoa, ura eta ardoa, beraz aukera paregabea udan, freskatzeko. Lizeagak, astelehenetik larunbatera arte izango ditu ateak irekita, azarora arte, «eguerdietan eta gauetan daukagu irekita, bazkariak eta afariak emateko».

Astigarragako Petritegi sagardotegiak Sagardoak Elkartzen Gaitu ekimenean parte hartzen du eta abuztuaren 6an 2 Zaldi taldea arituko da, musika, gastronomia eta sagardoa uztartuko dituen arratsalde berezi batean.

Sagardoa Routek, Bertsozale Elkarteak eta Musika Bulegoak elkarlanean antolatu dute udako ekimen hau, sagardoaren kultura eta bertako talentu gazteak sustatzeko helburuarekin.

Uztaila eta abuztuko astelehenetan irekita egongo da otorduak egiteko. Bazkariak astelehenetik igandera, 13:00etatik aurrera eskainiko dituzte eta afariak astelehenetik larunbatera, 20:00etatik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!