Ugaldetxoko gunea berriro zabalik, araututako 30 aparkalekurekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 23a, 00:00
Bainuguneetan ariko diren hezitzaileak eta Hernaniko eta Ereñotzuko alkateak, Ugaldetxoko aisialdi gunean, atzo.

Bihar irekiko dute aisialdi gunea, baina bertara sartzeko, erreserba egin beharko da aldez aurretik, 'hernani.eus' webgunearen bitartez.

Zabalik egongo da Ugaldetxoko aisialdi gunea berriro ere, bihartik aurrera; baina bertara sartu ahal izateko, erreserba egin be­harko da aldez aurretik, internet bidez, hernani.eus webgunean. Horretarako, bost orduko bi txanda izango dira aukeran: goizez 10:30etatik 15:30etara; eta arratsaldez, berriz, 16:00etatik 21:00etara. Araututako 30 aparkaleku egokitu dituzte Ugaldetxon, eta dago­eneko egin daitezke erreserbak.


Neurri hori da martxan jarri duten ekintza planaren parte, Urumea bailarako aisialdiaren inguruan sortutako masifikazioa eta arazoak bideratzeko. «Azkeneko urteotan, eta bereziki pandemiaren ondorioz, Urumea bailarak masifikazioa jasan zuen ibaiaren inguruan, eta horrek zer hausnartua eman zi­gun», azaldu zuen Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak, atzo egin zuten agerraldian, Ugaldetxon bertan.


Aparkalekuak egokitzeaz gai­n­era, panel informatiboak ere jarriko dituzte aisialdi gunean, araudia azalduz, jakinarazteko bertan zer egin daitekeen eta zer ez: «masifikazio horrek, ingurunea kaltetu du askotan. Aisialdiaz eta gune hauetaz gozatzea oso garrantzitsua da denontzat, baina ezin dugu ahaztu ingurunea babestu eta zaindu behar dugula. Eta bi horiek uztartzeko modu bat ari gara bilatzen Hernaniko Udala eta Ereñotzuko Auzo Udala, elkarlanean».


Horretarako, prozesu parte­hartzailea hasi zuten martxoan, herritarrekin bainuguneen eta egoeraren diagnostikoa egiteko; eta diagnostiko horretatik abiatuta, ekintza plana proposatu zuten, epe motzeko, ertaineko eta luzeko ekintzekin. Plan horretako neurrietako bat da Ugaldetxokoa. Horrekin batera, Fago­llagako eremua ere egokituko da, ibilgailuak modu erraz eta an­tolatuan aparkatzeko, eta bertan ere jarriko dira panelak. Aurrerago egingo dituzte Fagollagako aparkalekuak egokitzeko lanak.


«Ingurune babestua izanda, bertako fauna eta landaredia errespetatu behar da, ezin dira barbakoak eta suak egin, zaratarik ezin da atera, hondakinak ezin dira lurrera bota... Suposatzen da badakigula hori guztia, baina komeni da gogoraraztea eta ikusaraztea», nabarmendu zuen Unai Erroitzeneak, Ereñotzuko alkateak.

Inkestak eta kontzientziazio lana bainuguneetan, hiru hezitzaileren eskutik
Era berean, Erroitzeneak azaldu zuen bainuguneen azterketa kualitatibo eta kuantitatiboa egingo dutela bailaran, jakiteko «eremu horietako argazkia zein den, eta bertara datozen bisitariek zer nolako perfila daukaten». Eta hori aprobetxatuko dute, heziketa lana ere egiteko. Horretarako, hiru hezitzaile ariko dira lanean: inkestak egingo dituzte bainuguneetan, eta kontzientziazio lana ere egingo dute, guneak ikuskatuz, horietako arau­dia zein den gogoraraziz eta erabilera egokia sustatuz, asteko zazpi egunetan, txandaka.


Beste neurririk ere hartuko dute, bailarako landa bideetan trafikoa arautuz. Eremu jakin batzuetan aparkatzea debekatuko dute, horrek bertako bizilagunei eragin izan dizkien arazoak saihesteko.


Ugaldetxoko aisialdi gunearen egokitzapena, proba pilotu gisa jarri dute martxan, ondo joanez gero beste gune batzuetan aplikatzeko, beharbada. Bi txandatan banatuta, ekidin nahi dute egun osoko bisita hori, «horrek beste ondorio kaltegarri batzuk eragiten dituelako jokabideetan. Aisialdi guneei beste era bateko erabilera ematea sustatu nahi dugu horrela», azaldu zuen Erroitzeneak. Eta Lertxundik gai­neratu zuen: «ez gara kontu­ratzen, musika altu jartzeak, adibidez, horrelako naturgune batean zer nolako kaltea eragiten dion faunari. Hondakinena oso ikusgarria den bezala, horretaz ez gara ohartzen, eta kontutan hartu behar dugu».


Aranoko eta Goizuetako udalekin ere ari dira elkarlanean, bailarako guneen masifikazioei eta arazoei konponbidea bilatzeko. «Aurtengo neurrien balorazioa egin ondoren, zabaltzen joango gara, eta ikusiko dugu zein beste neurri hartu ditzakegun», aurreratu zuten.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!