Tabernak 01:00etan ixtea eta hiriguneetan maskara derrigorrezkoa izango dira bihartik aurrera

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 22a, 19:02

LABIk erabaki ditu neurriak eta Jaurlaritzak ez du baztertzen neurri gogorragoak hartzea eta babes juridikoa izateko auzitegietara jotzea. Astelehenetik aurrera lokal eta instalazio guztietan gehieneko edukiera % 35ekoa izango da.

LABIk erabaki du jarduera ekonomiko guztien itxiera 01:00etara aurreratzea eta jendea ibiltzen den hiriguneetan maskara derrigorrezkoa egitea. Neurriak bihartik aurrera izango dira indarrean.

Biziberri IV planaren hirugarren mailan kokatu du EAE. Honela, bihartik tabernen itxiera aurreratzeaz gain, astelehenetik aurrera lokal eta instalazio guztietan gehieneko edukiera % 35ekoa izango da, eta jarduera sozial eta kulturaletan eta kirol ekitaldietan bildu daitezkeen pertsona kopurua ere gehiago murriztuko da.

Maskararen erabilerari dagokionez, bere erabilera ez da derrigorrezkoa izango natur inguruneetan, igerilekuetan eta hondartzetan, betiere pertsonen arteko gutxieneko distantzia mantentzen bada.

«Indarrean dauden neurriak eta neurri berriak bete behar ditugu, gehiegi erlaxatzea baita irizpiderik txarrena», azaldu du Iñigo urkullu EAEko lehendakariak agerraldian. Hegoaldean errekorra gaur gainditu baita, 2.235 kutsatu berrirekin.

Urkulluk azaldu du Jaurlaritzak ez duela baztertzen auzitegietara joatea, neurri gogorragoak baitituzte buruan. Hain zuzen, hainbat autonomia erkidegok, etxeratze agindua ezartze aldera-eta, jo dute dagoeneko auzitara babes eske, adibidez Nafarroak, eta Jaurlaritza ere aukerak aztertzen ari dela jakinarazi du. .

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!