«Antolatu dezagun haserrea, zerbitzu publiko duin eta kalitatezkoen alde»

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 22a, 00:00

Buruntzaldeako autobus zerbitzuan «pairatzen ari garen murrizketen eta anabasaren» aurrean, antolatu eta horien aurka borrokatzeko unea dela dio Murrizketen Aurkako Plataformak.

URUMEA  AUTOBUSAK
Hika-mika sortu du Buruntzaldeako autobus zerbitzu publiko­a­ren kontzesio berriak. Eta ho­­­rren harira, Murrizketen Aurkako Plataforma ere sortu zuten: «egoeraren larritasuna oinarri, autobusetako langile eta erabiltzaileek bat egin eta plataforma eratu genuen, arazoa sozializatu eta haren aurka egiteko».
Izan ere, diote «aurreikusten genuenaren emaitza» direla Buruntzaldeako autobus zerbitzuan «pairatzen ari garen murrizketak eta anabasa. 2017an, EAJk eta PSE-EEk osatutako Foru Aldundiak autobusen emakidaren zirriborroa atera zuenean, zioen garraio publikoko zerbitzua berregituratzea eta egokitzea zu­ela helburu; baina hasieratik ikusi genuen zein zen esaldi ho­rren atzean zegoen ezkutuko norabidea: kostuen gutxitzea eta murrizketak autobus zerbitzu­an. Zerbitzu publikoen suntsipena, interes ekonomikoen mesedetan», adierazi dute.


Plataformatik azaldu dute, bi hilabeteko epean 7.000 sinadura eta 5.000 alegazio bildu eta Aldundian aurkeztu zituztela, bilera baterako idatzizko eskariarekin batera: «milaka lagunen babesa zuen eskaria izan arren, Mugikortasun Sailak erantzunik ezaren bitartez adierazi zuen gurekin biltzeko borondate falta. Aurkeztu zuten emakidaren arabera, zerbitzuetan %60ra arteko murrizketak eta 30 bat langileren kaleratzea gauzatu zitekeela aurreikusten genuen, baina Aldundiaren esanetan, ez omen zegoen erabiltzaile eta langileekin hitz egiteko gairik». 


Horren aurrean, diote herritarrek «behin eta berriro» adierazi izan dutela bere desadostasuna, baina «interes orokorra alboratu» eta murrizketekin jarraitu duela Aldundiak: «badirudi zenbaiti ahaztu egiten zaiela zerbitzu publiko batez ari garela, eta beraz, gizartearen interesa kokatu behar dela beti interen ekonomikoen gainetik».

«Interes orokorra alboratu eta murrizketekin jarraitu dute. Badirudi zenbaiti ahaztu egiten zaiela zerbitzu publiko batez ari garela»

Dinamikak eta mobilizazioak eskualdean, datozen asteetan
Murrizketen Aurkako Plataformak dio, LAB sindikatuari esker jakin dutela, azkenean ez direla gauzatu «beldur ginen autobus gidarien kaleratzeak». Baina aldiz, egunotan ikusi dutela «zerbitzuaren ordutegi eta maiztasunean es­pero genituen murrizketak iritsi direla: ordutegien aldaketak, maiztasunean murrizketak, autobusen berandutzeak, zenbait geldialdiren ezabatzeak...».


Horren aurrean, diote «denbora falta» argudiatu duela Aldundiak, «zerbitzuaren anabasa justifikatu nahian. Ezin ulertu daitekeen arrazoia da, lau urte baino gehiago daramazkitenean autobus zerbitzua arautzen duen emakida lantzen. Are gutxiago, urteotan erabiltzaile zein langileekin biltzerik nahi izan ez dutenean», adierazi dute.


Plataformak azpimarratu du, «kalte haundiak» eragin dituztela murrizketek, eta «herritarren haserrea» piztu. «Momentua da, beraz, berriro ere antolatu eta zentzugabeko murrizketen aurka borrokatzeko. Adi datozen asteetan, eskualdeko herrietan antolatuko diren dinamika eta mobilizazioei. Haserrea antolatu dezagun, zerbitzu publiko duin eta kalitatezkoen alde!».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!