Manex Martin eta Oier Alegria, semifinaletara

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 21a, 08:13
Oier Alegria eta Manex Martin hernaniarrak (eskuinean), atzoko final laurdena hasi aurretik.

18-16 irabazi zuten final laurdena atzo, Zikuñaga Papelera Torneoan, Azkoitiko Aldazabalen eta Egañaren kontra. Gaur, berriz, Iturbe-Goñi eta Apaolaza-Oiartzabal ariko dira semifinaletarako pasearen bila.

Beste bikote hernaniar batek lortu zuen semifinaletara sailkatzea, atzo, Zikuñaga Papelera Txapelketan: 18-16 irabazi zuten Manex Martin eta Oier Alegria kadeteek, Azkoitiko Aldazabalen eta Egañaren kontra, final laurdenetako partiduan.

Jubenilen bigarren mailan, berriz, Murumendiko Usabiaga eta Leunda nagusitu ziren, Oiarpeko Ubiriaren eta Aranbururen kontra (18-7). Eta nagusien bigarren mailan, Oiarpeko Etxabek eta Olaizek egin dute aurrera, Belokiko Vianari eta Agirreri irabazita (18-8).

Bailarako bi bikote, gaurko jaialdian

Final laurdenetako beste bi partidu jokatuko dira gaur, arratsaldeko 18:00etan hasita, Hernaniko kiroldegiko frontoian. Eta horietan, bailarako bi bikote ariko dira, semifinaletara sailkatu nahian. Aurrena, kadeteen bigarren mailan, Xuban Iturbe hernaniarrak eta Xuban Goñi astigartarrak jokatuko dute, Larraungo Txintxurretaren eta Sotilen kontra. Eta ondoren, jubenilen lehenengo mailan, Xabier Apaolaza eta Anartz Oiartzabal hernaniarrek jokatuko dute, Larraungo Iriartetarren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!