268 milioi euro itzuli ditu Ogasunak Errenta kanpainan, eta 273 jaso

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 18a, 00:00

Emaitza, 5,3 milioi euro positiboa da, pasa den urteko emaitza baino 14,9 milioi okerragoa.

Gipuzkoako foru Ogasunak 268 milioi euro itzuli dizkie zergadunei, eta 273 milioi euro jaso ditu, duela bi aste amaitu zen 2020ko Errenta kanpainan. Emaitza, beraz, 5,3 milioi euro positiboa da foru erakundearentzat, pasa den urteko emaitza baino 14,9 milioi okerragoa. 


Hala ere, Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak kanpainaren balorazio baikorra egin du: «Pasa den urtekoa inoizko kanpainarik onena izan zen eta aurten, zifra haiek hobetu ez badira ere, bide beretik jarraitu dugu. Eta gainera, 2020 pandemiaren urtea izaki, eta honek ekonomian eta lan munduan izan duen inpaktua kontuan hartuta, emaitza oso positiboa dela esan dezakegu». Foru arduradunak eskerrak eman dizkie kanpaina honetan lanean ibili diren Ogasuneko 200 langileei, «ekimenaren arrakasta profesional hauen lanaren ondorio baita».

«Ogasunak normalitatea berreskuratu du»
Perona hedabideen aurrean agertu zen, Irune Yarza Ogasuneko foru zuzendaria eta Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketako zuzendariordearekin batera, ekainaren 30ean amaitu zen kanpainaren emaitzen berri emateko. 


Azaldu zuenez, kanpaina honetan «normalitatea» berreskuratu du Ogasunak, gogoratuz pasa den urtean, COVID-19 gaitzaren pandemia zela eta, bulegoak itxita egon zirela lehenengo asteetan, eta aitorpenak aurkezteko epea uztailean ere irekita egon zela. «Normalitatea berreskuratu izanaren meritua gure langileena da, eta zorionak eman nahi dizkiet egin duten lanagatik. Gure ikuspegia beti izan da teknologia berrien alde egitearena, baina arrakala digitala zabaldu gabe, arreta presentzialari behar duen garrantzia emanez», adierazi zuen.

«Merkatuak espero baino hobeto eutsi dio»
Zenbakiei erreparatuta, 268 milioi euro itzuli ditu Ogasunak, pasa den urtean baino 16,4 gutxiago; eta 273,3 milioi jaso ditu, 2020an egin zen kanpainan baino 31,3 milioi gutxiago. Saldoa 5,3 milioi euro positiboa da: 2019ko Errentan baino 14,9 milioi gutxiago dira, baina 2018ko Errentan baino 22,1 milioi euro gehiago. «Zifra hauek adierazten dutena da 2020an, gure ekonomiak eta lan merkatuak espero baino hobeto eutsi ziotela COVID-19aren krisiari. Eta beraz, uste dut guztiontzako albiste positiboa dela», azpimarratu du Peronak. 


383.650 aitorpen aurkeztu dituzte aurtengo kanpaina honetan, ia ia pasa den urteko zifra berbera, 377 aitorpen gutxiago guztira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!