Esperintziaz gozatu zuten Donosti Cupen

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 15a, 00:00

Mundarrok eta Hernanik hamaika talde aurkeztu zituzten 10 eta 15 urte bitartekoen mailetan.

Aurreko astean Hernani eta Mundarroko hamaika taldek jokatu dute Donosti Cup torneoa Gipuzkoako hainbat zelaietan. Bi klubek 10 eta 15 urte bitarteko mailetan aurkeztu zituzten taldeak. Mundarrok sei talde aurkeztu zituen guztira eta Hernanik bost. Nesken talderik ez zen aurkeztu eta mutilek esperientziaz gozatu zuten, nahiz eta emaitzek ez zuten lagundu.

Hamaika taldeetatik bakarrak lortu zuen bigarren fasera sailkatzea txapelketa nagusiaren lehian. 14 urteko Hernaniren taldea izan zen bigarren fase horretara pasa zena, baina lehenengo kanporaketan Realak 0-5 irabazita kanporatu zuen. Maila berdinean Mundarro kontsolazio fasean finalerdietara iritsi zen eta bertan Beti Onaren kontra 1-0 galdu zuen, finalera ezin sailkatuz.

Donosti Cupen bigarren fasean, txapelketa nagusiari Champions League deitzen diote eta kontsolazio faseari Europa League. Beste maila guztietako bederatzi taldeek Europa League honetan jokatu behar izan zuten, ligaxkan lau taldetatik azken bi postuetan sailkatu eta gero. 10 urtekoetan Mundarrok bi talde aurkeztu zituen eta partidu bakarra irabazi zuten. 11 urtekoetan Hernani eta Mundarroko taldeek ez zuten garaipenik lortu. 13 urtekoetan hernani B final laurdenetara iritsi zen kontsolazio txapelketan eta Mundarro eta Hernani Bk partidu bakarra irabazi zuten.

Azkenik 15 urtekoetan Mundarro final laurdenetara iritsi zen kontsolazio fasean eta Hernani final zortzirenetan geratu zen, fase berean. Formatzaileak kexatu egin dira kanpoko talde asko selekzioak direnez, bertako taldeak kaltetuta ateratzen direla.­

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!