«Salbuespen legediarekin amaitzeko», mobilizatzen jarraitzeko deia egin du Sarek

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 15a, 00:00
Lasarte-Oriako anbulategian egin zen agerraldia.

Eskualde mailako agerraldia egin du Sarek Lasarte-Oriako anbulategiaren parean. «Larriki gaixo dauden hemeretzi euskal presoak» izan ditu gogoan, eta bereziki, Ibon Fernandez Iradi eta Garikotz Arruarte hernaniarrak.

Sortu zenetik, Sare lanean ari da euskal presoen eskubideen alde. Urteak joan eta urteak etorri, zeregin horretan dihardu, neguan zein udan, herritar gehienentzat oporrez gozatzeko garaia den arren, espetxeetan daudenentzat ez delako horrela izaten. Besteak beste, hori azpimarratu zuen eragileak, pasa den astelehenean egin zuen eskualde mailako agerraldian. 
Lasarte-Oriako anbulategiaren parean elkartu ziren. Tokia ez zuten ausaz aukeratu, nahita baizik; larriki gaixo dauden euskal presoen egoera ekarri zuten gogora, Ibon Fernandez  eta Garikoitz Arruarte hernaniarrenak bereziki: esklerosi anizkoitza, eta aldebiko ubeitis akutua eta espondiolartropatia dituzte, hurrenez hurren, duela bederatzi eta hamasei urtetik. 
Donetz Iradi osasun langileak aipatu zituen datu horiek, ekitaldian bertan; «arreta multidiziplinarra jaso behar dute biek, iraunkorra, eta aditu desberdinek parte hartu behar dute: fisioterapeutek, neurologoek, erreumatologoek... Horrez gain, mila gauza zaindu behar dituzte». 
Iradik salatu zuenez, euskal presoei ez zaie behar bezainbesteko arreta ematen, ez dira behar bezala zaintzen, beste edozein herritarrek adina eskubide duten arren horretarako; «gaixotasun horiek degeneratiboak dira, hobera ez dute egiten, eta behar bezala tratatuak izateko, eriek espetxetik atera behar dute». 

'Tipularen sehaska kanta'
Horrela izena du Lander Garro zinemagilea zuzentzen ari den dokumentalak. Larriki gaixo dauden euskal presoen gaia jorratuko du, Sareko kideek jakinarazi zutenez; eragile horrek sustatu du lana. «Formatu honetako lan asko ez dira egin gaiari buruz, eta oso eskertuta gaude», azpimarratu zuen Ixiar Arteagak. 

Horren harira, uztailaren 8an Donostiako Doka Kafe Antzokian izandako mahai ingurua ekarri zuen gogora: Garro bera, Jaiki Hadi elkarteko kide diren Maritxu Jimenez eta Kepa Etxeberria preso ohiak hitz egin zuten. Crowdfunding kanpaina abiatu dute Tipularen Sehaska Kanta dokumentalaren parte-hartzaileek, eta laguntzeko deia egin du Sarek. Ekarpenen bat egin nahi dutenek https://www.verkami.com/locale/eu/projects/30190-tipularen-sehaska-kanta estekan sartu beharko dute.

Bizikleta martxa Euskal Herritik datorren astean, uztailaren 22tik 24ra
Azken urteetan bezala, uztail amaieran bizikletak hartuko ditu Sarek, eta Hego Euskal Herria zeharkatuko du hiru egunetan, euskal presoen aldeko aldarriak lau haizetara zabaltzeko asmoz. 

Uztailaren 22tik 24ra egingo dute ekitaldi hori. Gares-Oion, Sopela-Mundaka eta Zumaia-Donostia izango dira etapak. Azken horrekin bat egingo du eskualdeko Sarek. Bi hitzorduren berri eman du: Lasarte-Orian 10:30etan elkartuko dira igande horretan, Okendo plazan, eta Errekalderaino joango dira; Usurbildik etorriko den tropelarekin bat egingo dute han herritarrek. Zutabe hori ere 10:30etan abiatuko da, frontoitik.

Abuztuaren 21ean ManiFESTAzioa, Donostian
Abuztuan ere izango da ekitaldirik. Hilaren 21ean, larunbatarekin, ManiFESTAzioa izeneko ekimena gauzatuko du Sarek, Donostian. Horretan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei.  Artzai Onaren katedraletik abiatuko da arratsaldeko 17:30etan. «Salbuespenezko legedia aplikatzen zaie euskal presoei oraindik ere, eta horrekin bukatu nahi dugunez, mobilizatzen eta kontzientziatzen jarraitu behar dugu». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!