«Herritarrak eta garraio publikoa, autobus zerbitzu berriarekin galtzaile irten dira»

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 13a, 00:00

Autobus zerbitzu berriak kexa asko sortu ditu.

Hernaniko EH Bilduk egokitzapenaren eta arrazionalitatearen aitzakian Aldundiak eskualdeko autobus zerbitzua murriztu duela salatu du. Astigarragako EH Bilduren esanetan «herriko EAJk gezurrekin estali nahi izan du murrizketetan duen erantzukizun osoa».

Hernani eta Astigarragako EH Bilduk bi prentsa ohar argitaratu dituzte Aldundiak jarritako autobus zerbitzuaren inguruan eta horren ondorioz Astigarragako EAJk plazaratutako prentsa oharrari erantzunez. 


Hernaniko EH Bilduren ustez  herritarrak eta garraio publikoa, Buruntzaldeko autobus zerbitzu berriarekin galtzaile irten dira.  «Zerbitzuaren egokitzapenaren eta arrazionalizazioaren aitzakian, gure eskualdeko herriak lotzen dituen autobus zerbitzua murriztu du Foru Aldundiak. Hori ez ezik, 2017an hasitako prozesu osoan, Aldundiak ateak itxi dizkio herritarren eta eskualdeko udalen partehartzeari. Zerbitzu berriak murrizketak ekarri ditu, baita izen eta ordutegi aldaketak ere, eta horren komunikazioa ezin okerragoa izan da». 


Azken momentuan eta «trakets» aritu direla informazioa plazaratzen salatu du. «Herritar asko haserre, noraezean. Lehenengo egunetan anabasa sortu da. Inolako zalantzarik gabe, herritarrak eta garraio publikoa galtzaile izan dira aldaketa honekin. Beste behin ere agerian gelditu da mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua eslogan bat besterik ez dela Aldundiarentzat». 


Hernaniko EH Bilduk dio, «Foru Aldundiaren publizitateak kanpaina, Buruntzaldeko autobus zerbitzuan murrizketa esanguratsuak ezarri dituzte. Zenbakiak argiak dira. Eskualdeko zerbitzua osotasunean hartuta, lanegunetan, Aldundiak Buruntzaldeko kontzesioa osatzen duten herriei eskaintzen dizkien autobus-zerbitzuak orain arte egon diren 724 autobus-zerbitzuetatik uztailaren 1etik aurrera dauden 602 autobus-zerbitzuetara igaro dira; % 17ko murrizketa. Larunbatetako zerbitzuak 611tik 438ra igaro dira, %28ko murrizketarekin. Igandeetan, berriz, 433tik 369ra jaitsi dira autobus-zerbitzuak, %15eko murrizketarekin».

Astigarragako EH Bilduk gogor salatu ditu Astigarragako EAJk egindako adierazpenak 
Astigarragako EH Bilduk bere aldetik dioenez, «udal gobernuaren ekintzek eta datu objektiboek, EAJk eraikitako ameskeria desegiten dute. Alkateak eta mugikortasun zinegotziak aurrez-aurre esanda, Aldundikoek maiatzaren 20tik dakite A1 linearen maiztasunak murriztea eta herri barruko geltokiak kentzearen udal gobernuaren aurkako iritzia».


Ospitaletako lineari dagokionez, maiatzaren 20ko bilera berdinean, «EH Bilduko udal gobernuko kideek ere Aldundiari dBuseko 26. linea (Martutene-Txomin-Loiola-Donostia) eta 35. linea (Antigua-Unibertsitatea-Ospitaleak) Astigarragara luzatzeko aukera aztertzeko Donostiako Udalarekin batera mahai bat osatzeko proposamena helarazi zioten. Donostiako Udalari idatziz ekainaren 4an egin zitzaion proposamen berdina. EH Bildu beti egon da Astigarraga ospitaletara konektatzeko linearen alde. Aldiz, EAJren jarduna gai honetan oso bestelakoa izan da».

 

Astigarragako Udalak eta bilerara bertaratutakoek plataforma sortuko dute

 

Herritarren mobilizazioa sustatuko du eta hasiera batean bere ordezkariek eta Udalak, Aldundiarekin bilera bat egingo dute.

 

ASTIGARRAGA  MUGIKORTASUNA
Pasa den uztailaren 7an herritarrekin bilera egin zuen Astigarragako Udalak, Aldundiak martxan jarritako autobus zerbitzuari buruz hitz egiteko. 80 pertsona inguru bildu ziren antzokian eta kanpoan ere jendea geratu zen. Udalaren izenean Xabier Urdangarin alkatea eta Andoni Gartzia Hirigintza eta Mugikortasun zinegotziak hartu zuten hitza. Ondoren herritarrei eman zitzaien hitza, beraien iritzi, kexa eta ekarpenak egiteko.


Bileran argi geratu zen herritarren eta Udalaren haserrea, eta bestetik, herritarren eta Udalaren borondatea egoera horri aurre egiteko. Honela, bileran esan eta adostutakoa herritarrei jakinaraziko die Udalak, webgunearen bidez.


Bertaratutakoek eta Udalak herri plataforma osatu dute, helburu garbi batekin: Foru Aldundia behartzea astigartarrei garraio publikoko zerbitzu egoki eta duina eskain diezaien, astigartarren beharrei erantzungo diena. Herritarren mobilizazioa sustatuko du plataforma horrek. Plataforma horren ekimenak antolatzeko talde bat osatu da. Talde horrek lehen bilera lehenbailehen egingo du. Foru Aldundiari Udalak bilera egiteko eskaera egin zion joan den astean. Bilera horretara Udal ordezkariak eta plataformaren ordezkariak joango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!