San Fermin egunez, gaur emango diete hasiera Martindegiko jaiei, goizeko txupinazoarekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 7a, 00:00

Kalejiran emango diete hasiera gaur, Martindegiko San Fermin jaiei.

Larunbatean kantaldiaz gozatzeko aukera izango dute auzotarrek, eta iganderako bertso jaialdia prestatu dute, besteak beste. 

Gaur goizeko txupinazoarekin emango diete hasiera, Martindegiko San Ferminei, 10:00etan. Eta segidan, txistularien doinuei jarraituz, kalejira egingo dute, jaiei behar bezalako ongi etorria emateko, udalekuetako gaztetxoek girotuta, hain justu.  Kalejiraz gain, gaur bertan meza eskainiko da auzoko hildakoen alde, 11:00etan.

Bihar eta etzi ekintzarik egingo  ez bada ere, asteburu potentea dator Martindegin. Larunbatean, kantaldia antolatu da, eta bertan izango dira Elaia Diaz eta Malen Barrenetxea, Laiotz taldeko Itxaso Treku eta Manex Albira, Niko Etxart eta Andoni Ollokiegi.

Igandean, Baldin Bada kale ikuskizuna eskainiko du Shakti Olaizolak, eguerdian. Eta arratsaldean izango dira herri kirolak eta bertso jaialdia, jaiak kalejira batekin agurtu aurretik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!