Enaitz Goñi bigarren sailkatu zen Balezaleen Itsas Zeharkaldiaren lehenengo edizioan. Gipuzkoan aurrenekoz egin da honelako zeharkaldi bat igeri, Pasai San Pedrotik Donostiako Zurriola hondartzara, eta ia 500 partehartzailek 5.300 metro osatu zituzten; distantzia luzexeagoa ere izan zen azkenerako.
Astigarragan bizi den 16 urteko hernaniarrak, ordubete, lau minutu eta lau segundu behar izan zuen ibilbidea osatzeko, eta hamar segundu aurretik iritsi zen Adnan Mustafic bizkaitarra. Biak ziren faborito, eta zeharkaldi osoan elkarrekin joan ziren. «Azken buia pasa dugunean jo du erasoa eta metro batzuk atera dizkit, eta abantaila horrekin iritsi da», esan zuen Goñik iritsi berritan.
Igerilekuko txapelketa nagusiak prestatzen ari da, eta zeharkaldia bere prestaketaren parte izan da. «Helburu nagusiak dira, hemendik bi astera antolatu den Euskadiko Txapelketa eta, batez ere, abuztu hasierako Espainiako Txapelketa. Zeharkaldira entrenamendu karga haundiarekin iritsi naiz», aipatu zuen.