Kultura eta kirola elkarrekin aurten, Urumea bailarako udarako eskaintzan

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 3a, 00:00
Piraguismoko ekintza, joan den urteko udalekuetan.

Heldu gara, dagoeneko, uztaila hasierara. Klaseak amaitu eta oporretan daude gazteenak. Beste batzuk, berriz, beraien txandaren zain daude. Urumea bailarako taldeek eta elkarteek eskaintza zabala prestatu dute aurtengorako, lagunartean zein familiakoekin ezin hobe pasatzeko eta oporretan gozatzeko.

Udara ate joka dugu dagoeneko eta, horrekin batera, hamaika plan zehaztu ditugu lagunekin, bikotekidearekin edota etxekoekin. Izan ere, urte osoa lanean edo ikasten pasa ostean, eguzkia hartzeko, kirola egiteko eta ondo pasatzeko irrikatan gaude. Mendia edo hondartza? Erreka edo igerilekua? Herria edo hiria? Musika edo antzerkia? Bizikleta ala mendiko txangoak? Piragua ala padel surfa? Zer egingo duzue zuek datozen hilabeteotan?

Urrutira joan gabe, Urumea bailaran bertan aukera zabala dago aisialdirako. Bertako elkarteek eskaintza ugari egin dituzte haurrentzat, gazteentzat zein helduentzat. Kaxkardi Kirol Errekreatibo Elkarteak, adibidez, makina bat egiteko prestatu ditu udara honetarako. Ereñotzuko eta Hernaniko kirol udalekuen gidari izango dira Kaxkardiko kideak, eta ziurtatu dute parte-hartzaileek «denetarik» egingo dutela eta «egun ezin hobeak» biziko dituztela. Besteak beste, Santa Barbarara joan eta eskalatu egingo dute, uretako kirolak probatuko dituzte eta bizikletako txangoak egingo dituzte. Horiez gain, Astarbe sagardotegian, SagarKultur programazioaren barruan, kultur ekitaldiak izango dira uztailean. Oholtza gainera igoko dira, hala nola, bertso musikatuak, musika taldeak edota bakarlariak.

Behin hori esanda, mezu hau paperaren beste aldean dagoenarentzat da. Bai, zuretzat, irakurle: egunerokoaz deskonektatu, udarako oporrak gozatu eta maitatuenak goxatu!

 

Naturarekin harremanetan, piraguismoko saioetan

Udalekuak ez ezik, bestelako ikastaroak ere eskaintzen dituzte Kaxakardikoek. Hala nola, piraguismoa. Astebeteko ikastaroak edo egun batekoak izan daitezke, ikastolei zuzendutakoak. Azken horiei dagokienez, hauxe aipatu du Aritz Lujanbiok, Kaxkardiko kideetako batek: «saio hauen nondik-norakoak gurekin hitzartu beharko dituzue: zenbat denborako saioa, zein erreka ala itsaso puntuan egin nahi duzuen, zenbat pertsonako taldeak izango diren, eta abar. Ordu t´erdiko saioak egiten ditugu normalean, piraguako oinarrizko teknikak eta jolasak nahasturik saio dibertigarriak osatuz». Eta astebeteko plangintzari erreferentzia eginez, Aritzek zehaztu du bost egunetakoak izaten direla, eta «ibai-adar txikietan sortzen diren ur geldoetan» ematen dituztela ikastaroak; «esate baterako: Txarama-Tolosan, Lazkaon, Ataunen, Zaldibian, Hernanin, Goizuetan, Betelun, Lekunberrin, eta abar». Horrez gain, ikastaroa itsasoan ere egiteko aukera eskaintzen dute; besteak beste, Getariako hondartzan ala Ondarretan, Donostian.

Era berean, ikastaro bakoitzeko lekua taldearen ezaugarrien arabera zehazten dute, «beti ere ingurua aztertu ondoren eta derrigorrezko segurtasun neurriak hartuz», dio Aritzek. «Astebeteko ikastaroetan ikasleek piraguismoko kontzeptuak ezagutuko dituzte, eta piraguismoaren erabilera ikasiko dute lehorrean zein uretan». Gainera, Kaxkardik ingurumena jartzen du erdigunean; eta,  horregatik, jarduera guztietan naturarekiko errespetua eta zaintza sustatzen du: «naturarekiko sentsibilizazioa eta errespetua landuz askorentzat ingurune berria den ur eremuan lasaitasunez moldatzen irakatsiko diegu, inguru horrek sor ditzakeen estimulu ezkorrak ekidinez». Modu horretan, dio, «esperientzia indibidualetik haratago joan eta lagunartean ondo pasatzen ikasiko dugu. Kirola egitea garrantzitsua da noski, baina natur ingurunea ezagutzea eta aisialdiari alternatibak bilatzea, beti gauza bera egin gabe, ezinbestekoa da».

Ikastaro horietan, parte-hartzaileek 8 urtetik gorakoak izan behar dute eta saio berean ez dira inoiz 18 pertsona baino gehiago izango. Parte hartu nahi duen taldeak lagun gehiago baldin baditu, haiekin hitz egin eta moldaketak egiteko aukera dagoela zehaztu dute jakinarazi dute elkartekoek. «Talde horiek, maila aldetik, ahalik eta homogeneoenak izaten saiatuko gara, denen artean ikasketa esperientzia dibertigarria izan dadin», gehitu dute. Eta, begiraleei dagokienez, saio bakoitzeko gutxienez bi monitore izango dira taldea dinamizatzen. 

Aipatutakoaz gain, Kaxkardiko kideek dute Txindokiko Itzala Abentura Parkearen ardura. Aurten hasi dute abentura, «baina parkea martxan dago duela 10 urtetatik», dio Aritzek. «Makina bat ekinza egin daitezke bertan. Besteak beste, orientazio zirkuitua, arku tiroa... Baina guztien artean izarra zuhaitz parkea da», gehitu du. 4 urtetik hasita, «banaka, taldeka edo ikastetxeko gelakoekin etor zaitezkete», aipatu dute. Udararako eskaintza anitza dago bertan; interesa dutenek, www.txindokikoitzala.com webgunean aurki dezakete informazio gehiago.

 

Sagarra, sagardoa eta kultura

Dagoeneko eman diote hasiera SagarKultur mikrojaialdiaren bigarren edizioari. Aurtengoan, ekainaren 26tik uztailaren 25era bitartean izango dira emanaldian, Astarbe sagardotegian. Udarako oporretan, kulturaz lagunartean zein familiartean gozatzeko aukera eskaini dute antolatzaileek. Hori horrela, zerrenda berezia proposatu dute datozen egunetarako, artista ugarik aurkeztuko baitituzte beraien azken lanak, Astarben. «Talde gazteen, susperraldian daudenen eta euskaldunen presentzia nabaria izango da aurtengo edizioan. Guztiek euskerazko kultura sortzen dute, gehienak gazteak dira eta parekidetasun politikak aurrera eramango ditugu generoen presentzia berdinduz», aurreratu dute antolatzaileek. Plangintza horrekin, «kultura segurua» dela ziurtatu nahi dute, eta gonbidapena luzatu diete herritarrei, emanaldietara bertaratzeko.

Gorka Arizkorreta SagarArteko koordinatzailarean esanetan, «SagarArteren helburuetako bat da SagarKultur. Laburbilduz, gure xedea da sagardotegiak berriro izatea garaian garaiko kutura adierazpide guztien babesleku. Lehen, kultura herrietara eramaten zen. Baina, koronabirusa medio, joan den urtean ikusi genuen arazo haundia zegoela kultura edo arte eszenikoetan. Beraz, erabaki genuen beraiei babesleku bat eskaintzea eta kultura kontsumitzeko gune seguru bat sortzea; eta, horrez gain, dibertsibifikazioa eskaintzea proposamen kulturalei.  Horrekin, saiatzen gara adierazten sagardotegiak ez direla soilik leku gastronomikoak; aitzitik, kultura ezberdinak kontsumitzeko guneak ere badirela esan nahi dugu».

Horrekin batera, Gorkak aurreratu du aurtengo edizioan hiru berrikuntza txertatu dituztela: «alde batetik, ekitaldiak zuzenekoen bidez eskaintzeko aukera zabaldu diegu taldeei. Twitch plataformaren bidez, edonork ikus dezake kontzertua, zuzenean. Twitch aukeratzearen arrazoiak, gainera, bi izan dira: bata, gazteek asko erabiltzen dutelako plataforma hori; eta, bestea, euskerazko programa oso gutxi daudelako bertan. Beste alde batetik, aurtengoan, sarrera soila erosten dutenek, aukera izango dute, joan den urtean ez bezala, mahaian esertzeko. Modu horretan, nahi dutenek, sagardoa, garagardoa edo nahi dutena kontsumitu ahal izango dute. Eta azkenik, aniztasunaren alde egin dugu. Horregatik, programan denetarik egongo da: ipuin kontalariak, bertso musikatuak, kontzertuak, eta abar».

Joan den astean ireki zuten egitaraua, ekainaren 26an, Neona taldearekin. Pop-rock musikaz busti zen Astarbe, eta gau polita izan zuten sagardotegi giroan. Gaurko, Sua taldearen kontzertua zegoen aurreikusita. Dena den, atzeratu egin behar izan dute, taldekideren batek positibo eman duela koronabirusean. Hurrengo emanaldia Nerea eta Mariano ipuin kontalariek emango dute, bihar, 17:00etan. Datorren astean, bertso musikatuak izango dira Beñat Gaztelumendirekin, Miren Amurizarekin eta Alaia Martinekin. Uztailaren 9an jarri dute horretarako hitzordua, eta 19:00etan ekingo diote emanaldiari. Maite Berriozabal arituko da gai jartzaile lanetan, eta Ixak Arrutik eta Gari Otamendik jarriko diete musika bertsoei. Biren taldeak emango dio jarraipena egitarauari, uztailaren 10ean. Kantu propioak eta bertsioak abestuko dituzte, 22:30etatik aurrera. Uztailaren 17an, 17:00etan, Andoni Ollokiegi bakarlaria igoko da tabladu gainera, gitarraren laguntzarekin. Eta, bukatzeko, azken bi emanaldiak uztailaren 17an eta 24an izango dira, Bulego musika taldearekin eta Esti zein Mikel Markezekin, hurrenez hurren.

Musikaz gain, sagardotegiko  menuen eskaintza ere egin dute Astarbekoek. Alegia, pack modukoak prestatu dituzte, emanaldia eta Astarbeko menua, biak batean, izan nahi dituztenentzat. Horretarako, bi sarrera prestatu dituzte. Batetik, ekitaldietarako sarrera soila (helduek 6 euroan eta haurrek 3 euroan): https://bibe.me/events?filter=Sagarkultur. Eta bestetik, ekitaldietarako eta sagardotegiko menurako sarrera. Azken horretan, ekitaldiaz gain otordu bat egin nahi duenarentzat aukera bereziak sortu dituzte. Aukeragai daude saiheski menua, udako menua edota menu beganoa; eta menuaren aukera hori nahi izanez gero, aldez aurretik egin behar da erreserba 943 55 15 27 telefonora deituta.

 

Pilatesa eta tonifikazioa, musikaren erritmora

Udarako egunetan, oporretan, abesti gustukoenari play eman eta gorputza mugitzeko aukera ere izango da Urumea bailaran. Hernaniko Ainara Dantza Eskolan, esaterako, hainbat ikastaro eskainiko dituzte uztailean. «Udara honetarako, 14 urtetik gorakoentzat antolatu ditugu saioak», aipatu du Karen Juanes irakasleak. Ikasturtean zehar, berriz, 5 urtetik gorako herritarrek eman dezakete izena proposatutako jardueretan.

«Aurtengoan, zunba, pilates, GAP eta just funk eskolak emango ditugu», azaldu du Karenek. Era berean, ikastaro bakoitzak bere helburuak dituela kontatu du. Beraz, emandako deskribapena kontuan hartuta, parte-hartzaile bakoitzak gustukoena aukera dezake. «Batetik, zunbako eskoletan, ondo pasa bitartean, eskeletoa goitik behera mugituko dugu musikaren erritmora. Bestetik,  pilateseko saioetan, tonifikazioa landuko dugu, eta baita flexibilitatea ere. Horrez gain, GAPeko ikastaroan, gaztelaniako siglek dioten bezalaxe, gluteoak, abdominalak eta hankak landuko ditugu. Azken saio horretan, entrenamendu funtzionala egingo dugu; hau da, nork bere gorputzarekin egingo ditu ariketak. Modu horretan, tonifikazioa landuko dugu eta kaloriak erreko ditugu. Eta, azkenik, just funkeko ikastaroan, estilo libreari helduko diogu; besteak beste, orain modan dagoen twerkinga egingo dugu, ausartenek takoiekin dantzatu ahal izango dute, dantza modernoa landuko dugu, eta abar».

 

Kultura, hezkuntza, natura eta jarduera fisikoa, dena batean 

Proposatutako kirol jarduerek edota kultur ikuskizunek ez dute helburu, soilik, gorputza mugitzea edota musika emanaldiak ikustea. Hori bai, noski, baina atzean jomuga sakonagoak ere badituzte. Horien artean hezkuntza, naturarekiko errespetua edota bizikidetzarako baloreak. Naturarekin, adibidez, Kaxkardik xede du «natur ingurua ezagutzea, zaintzea eta errespetatzea; naturarekiko eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa lantzea eta errespetuzko jarrerak bultzatzea; eta, horrekin, guztiak eskaintzen dizkigun espazioak eta elementuak jarduera fisikoa praktikatzeko erabiltzen ikastea».

Ez hori bakarrik, euskal hizkuntzarekin ere konpromisoa erakusten baitute bailarako taldeek eta elkarteek. «Gure helburuetako bat da euskera sustatzea, euskeraren biziraupenerako duten erantzukizunaren kontzientzia hartuz», zehaztu dute Kaxkardiko kideek. Hori horrela, kirola eta dantza euskeraz egitea eta kultura euskeraz kontsumitzea bultzatzen dute guztiek.

 

Neona taldearen kontzertua, Astarben, joan den larunbatean. Argazkia: Maria Otaegi

Kirola egin, kultur emanaldiez gozatu eta udara aprobetxatu!

Datozen hilabeteetarako eskaintza zabala dugu aurrean, baina aukeratzen dena aukeratzen dela, Karenek dio jomuga dela «ondo pasatzea, entretenitzea, kirola egitea eta bizi estilo osasuntsua izatea». Horren aldeko apustu sendoa egiten dute Urumea bailarako kirol eta kultur elkarteek. «Gure egunerokotasunean erabat murgilduta bagaude ere, lanean edota eskolako lanetan, gogoa izanez gero, beti topatuko dugu tartetxo bat kirola egiteko eta gorputza mugitzeko», esan dute. «Abantailak besterik ez dira», dio Karenek; «osasunerako onuragarria da kirola egitea, eta umorea alaitzen du!». Gainera, udaran entretenitzeko eta lagun berriak egiteko aukera paregabea da ikastaroetan izena ematea edota kultur emanaldietara bertaratzea. «Horregatik, parte hartzera animatzen zaituztegu, giro ona ziurtatua dago eta!», esan dute.

 

SagarKultur

BIHAR NEREA ETA MARIANO KONTUKONTZERTUTAN, ipuin kontalariak, 17:00.

9 bertso musikatuak, Beñat Gaztelumendi, Miren Amuriza eta Alaia Martin bertsotan; Maite Berriozabal gai jartzaile; Ixak Arruti eta Gari Otamendi musikan, 19:00.

10 biren taldearen kontzertua 22:30.

17 ANDONI OLLOKIEGI, 17:00.

24 BULEGO TALDEAREN KONTZERTUA, 22:30.

25 ESTI ETA MIKEL MARKEZEN KONTZERTUA, 17:00.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!