Mobilizazioa gaur, Bilboko Areatzan

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 3a, 00:00
Aiako Harriko tontorrak argiztatu zituzten, 2019ko urrian ere.

Erreferendumaren alde mobilizazioa antolatu dute gaurko, Bilbon, 17:30etan. 'Hamaika Gara' abestia abestuko dute Olatz Salvadorrek, Zetakek, Duplak eta Itziar Ituñok.

Gure Eskuk eta beste hainbat taldek antolatuta, Hamaika Gara ekimenaren barruan, mobilizazioa izango da gaur, Bilboko Areatzan, arratsaldeko 17:30etan hasita. Hamaika Gara erreferendumaren alde lelopean antolatu dute mobilizazioa, eta helburua da «ikusaraztea herritarren gehiengoak erabaki nahi duela eta inplikatzea gehiengo hori burujabetzarako prozesuan». Musika izango da gaurko protagonista. Izan ere, Zetak, Olatz Salvador, Dupla eta Itziar Ituño arituko dira kantuan. Bilboko ibaia agertoki bilakatuko da, eta jendea ibaiaren inguruan bilduko da, hiru puntutan: Areatzako pasealekuan, Erripako kaian eta Areatzako eta udaletxeko zubietan.

Itsasontzi batera igo eta bertatik abestuko dute, aipatutako artista guztiek. Hori ez ezik, Duplak eta Itziar Ituñok ere Hamaika Gara egitasmorako sortutako kantua entzuteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. 

Konpromiso txartela
Antolatzaileek azaldu dutenez, mobilizazioan parte hartzeko ez da aurrez izena eman behar. Dena den, konpromiso txartela delakoa sortu dute. Bost euroan dago salgai, denda.hamaikagara.eus webgunean. «Txartel hau eskuratuz, gaurko mobilizazioa finantzatzen eta segurtasun neurriak egokitzen lagunduko duzu. Egunean bertan,  honekin jasotako konfirmazio emaila erakutsiz gero, kanpainaren eskumuturrekoa eskuratu ahalko duzu Bilboko Areatzako hainbat puntutan», azaldu dute.

Horrekin batera, «indarrak batzeko garaia» dela adierazi dute Hamaika Gara egitasmoko antolatzaileek; «krisi honetatik burujabetzan sakonduz irten behar garela uste dugunok indarrak batzen ari gara». Era berean, mobilizazioan parte hartuko dutenei burujabetzaren aldeko aldarriak eramatera animatu dituzte arduradunek. Norberak egindako kartelak eraman daitezke; edo, bestela, mobilizaziorako Hamaika Garak bereziki sortutakoak. 
Hernaniko Gure Eskuk, autobusak antolatu ditu Bilbora bertaratzeko, «denen bultzada eta laguntza behar delako». Interesa duten herritarrek dagoeneko eman dute izena, baina kotxean joateko aukera ere badagoela zehaztu dute. 

Datorren larunbatean, Aiako Harria argiztatuko dute
Askatasunaren eta autodeterminazio eskubidearen aldeko ekimena iragarri dute Euskal Herriko eta Kataluniako hainbat eragilek, 2022ko udararako: Gure Eskuk, ANC Biltzar Nazional Katalanak eta FEEC-k. Hilaren 10ean aurkeztuko dute egitasmoa, eta bertan azalduko dituzte mobilizazio honen helburu politikoak, gakoak eta ezaugarri nagusiak. 

Euskal Herrian, 21:00etan, Aiako Harria argiztatuko dute, «piztutako argiak hamaika lekutatik ikusi ahal izateko moduan». Hori ez ezik, 2022ko mobilizazioa aurkezteko ekitaldi politiko bat ere egingo dute. Orereta ikastolaren inguruan jarri dute horretarako hitzordua, Aiako Harrira begira dagoen behatoki batean. Parte-hartzaileak 18:30etan abiatuko dira, Arditxulotik. Ondoren, helmugara iristean, argiak piztuko dituzte. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!