Gipuzkoako gazte talentua protagonista Sagardoak Elkartu Gaitu ekimenean

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 1a, 00:00

Ola sagardotegian aurkeztu zuten egitaraua sagardogile, sagardo eta bertso elkarteek.

Aburuza, Iparragirre, Astiazaran, Astarbe, Ola eta Petritegin musika eta bertso emanaldiak eskainiko dira udaran zehar.

Bertsolaritza, musika eta sagardotegia lotzen dituen egitaraua aurkeztu zuten asteartean Ola sagardotegian Bertsozale Elkarteak, Musika Bulegoak eta Sagardogileen Elkarteak.

Sagardotegiek udara honetarako duten eskaintza zabala ere aurkeztu zen: sagardo mundua hobeto ezagutzeko kirol planak, familia planak eta ibilbideak... Aburuza, Iparragirre, Astiazaran, Astarbe, Ola eta Petritegi sagardotegietan bertso eta musika emanaldiak antolatu dira denak 19:00etan hasita.

Honela, uztailaren 9an, Aburuza Sagardotegiko terrazan bertsotan ariko dira Ane Zuazubiskar, Maialen Akizu, Ane Beloki eta Andoni Mujika.

Uztailak 16an, Iparragirre Sagardotegiko terrazan Aner Euzkitze eta Ane Labaka ariko dira librean.

Uztailak 17an, Astiazaran Sagardotegiko terrazan Eneritz Furyaken kontzertua izango da.

Uztailak 23an, Astarbe Sagardotegiko terrazan bertso jaialdia izango da Eli Pagola, Maide Garmendia, Iker Ormazabal eta Asier Azpirozen eskutik.

Uztailak 24an, Ola Sagardotegiko terrazan Sara Azurzaren kontzertua izango da.

Abuztuak 6an, Petritegi Sagardotegiko terrazan Bi Zaldi kontzertua izango da.

Saioek ordu eta laurden edota ordu eta erdiko iraupena izango dute, eta nahi duenak afaltzen gelditzeko aukera ere izango du uda giroa aprobetxatuz.

Bi webgunetan izango duzue erreserbak egiteko aukera: www.bertsosarrerak.eus eta www.sagardoa.eus webguneetan. Bi aukera dituzte bertaratuko direnek: 15 euroko bonua: kontzertua edo bertso saiorako sarrera, sagardo tragoa eta pintxoa. Eta 39 euroko bonua: kontzertua edo bertso saiorako sarrera, sagardo tragoa, pintxoa eta afaria.

Musikaz, bertsoez, sagardoa eta menuaz gozatzeaz gain beste hainbat ekintza ere proposatzen ditu sektoreak Sagardoa Route agentziaren bitartez. Eskaintza hiru ataletan zatitzen da: Aisialdia, enpresentzako aukerak eta eskolentzako proposamenak. Bertan, eguneko irteerak, egonaldiak, bidaiak enpresentzako eta eskolentzako, kirol ekintzak ibaian... egiteko aukera dago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!