Saririk gabeko protagonismoa Enekoitz Azparrenek, Gipuzkoako Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 29a, 00:00

Ihes eginda aritu zen, baina talde nagusiak harrapatu, eta 14garren sailkatu zen azkenean.Erori eta erretiratu egin zen Telmo Semperena.

San Juan Sariak jokatu zituzten larunbatean, bailarako txirrindulariek, afizionatu mailan zein kadeteetan. Seguran aritu ziren aurrenekoak, eta Gipuzkoako Txapelketa ere jokoan zegoen, 131 kilometroko proba gogorrean. Protagonista izan zen Enekoitz Azparren astigartarra, eta ihes eginda aritu zen: Lierniako azkeneko igoeran jo zuen erasoa, eta berarekin joan ziren Unai Iribar taldekidea eta Pedro Luis Monroy. Baina tarte txikia egin zuten, eta Zerain igotzen harrapatu zituzten gero. Azkenean, 14garren izan zen. Ander Amonarriz hernaniarra 68garren izan zen.

Ez zuen zorterik izan Telmo Semperenak: eroriko gogorra izan zen Ormaiztegin, eta lurrera joan zen bera ere. Erretiratu egin behar izan zuen, eta anbulantzian eraman zuten, baina ez dauka zauri larririk. Erretiratu egin zen Jaime Romero ere, oraindik bere osasun arazoetatik osatu gabe.

Kadeteek, berriz, Agurainen zeukaten hitzordua, eta onenen artean aritu zen Tasio Semperena astigartarra: seigarren izan zen, aurreneko taldean iritsi eta sprintean lan ona eginda.

Eta jubenilek, azkenik, Gipuzkoako Itzulia lehiatu dute egun hauetan. Mikel Goikoetxea hernaniarra 56garren postuan zegoen atzo, azkeneko etapa jokatu aurretik. Ekhi Muñoz eta Aner Zilbeti herrikideak bigarren etapan erretiratu ziren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!