Joan den asteburuan jokatu zituzten finalak, Goizuetako frontoian, Umore Ona Txapelketaren bosgarren edizioan. Eta txapela jantzi zuten Urumea bailarako hiru bikotek, partidu erabakigarria irabazita.
Mutil seinetan, Oier Zabala eta Mikel Zurutuza goizuetarrak nagusitu ziren (18-11), Bortzirietako Madariaga eta Zubietaren kontra. Mutil kimuetan, Mattin Garmendia eta Adur Sagardui goizuetarrek ere irabazi zuten beraien finala, Eñaut Aranberri herrikidea eta Aurrerako Ugartemendia menderatuta, tanto bakarreko aldearekin (18-17). Eta mutil kadeteetan, Julen Deskarga eta Peru Urdanpilleta hernaniarrek jantzi zuten txapela, Bortzirietako Orbegozo eta Etxabideri nagusituta (22-16).
Ezin izan zuten sari potoloena lortu Alize Sagardui eta Araitz Legarreta goizuetarrek, neska kimuetan, 13-18 galdu baitzuten, Bortzirietako Danborinea eta Altzuriren kontra. Eta ezin izan zuen txapela jantzi Anartz Lujambiok ere, mutil haurretan: goizuetarrak 6-18 galdu zuen Aurrerako Arregirekin, Gaztelekuko Gaztañaga eta Berozen kontra.
Nagusien mailako finaletan ez zen bailarako esku pelotaririk izan. Nesketan, Gaztelekuko Larrarte eta Mendizabal nagusitu ziren (22-6), Araxeseko Sotil eta Aurrerako Alvarezen kontra; eta mutiletan, Irurtzungo Arbizu eta Olaetxea izan ziren onenak (22-7), Barañaingo Senosiain eta Tainta mendean hartuta.
Festa borobila eta txapeldun ugari, San Joan torneoan
Beste txapelketarik ere jokatu da bailaran, azkeneko asteotan. Izan ere, aurreko asteburuan jokatu zituzten finalak, Hernaniko San Joan Torneoan. Guztira, 71 esku pelotarik hartu dute parte, aurtengo txapelketan.
Frontoiko ateak zabalik eta ikusleen aurrean, erakustaldia eskaini zuten Hernaniko Pelota Eskolakoek, finaletan, binaka zein buruz buru. Benjaminen lehenengo mailan, Hernandez eta Oiaga izan ziren txapeldun, Ruiz de Egino eta Zabalaren kontra (18-12); eta bigarren mailan, Arregi eta Bergara nagusitu ziren (18-10), Otegi eta Alejosen aurrean. Alebinetan, Zigandak eta Zugastik jantzi zuten txapela, Beroitz eta Arsuaga menderatuta (18-16). Infantilen lehenengo mailan, Ekhi Osesek irabazi zuen, Martin Alberdiren kontra (18-8); eta bigarren mailan, Oier Maciciorrek lortu zuen garaipena, Haritz Garaialderen kontra (18-12).
Federatuei dagokienez, berriz, kadeteen lehenengo mailan Julen Deskargak jantzi zuen txapela, Unax Manterolari irabazita (22-20); eta bigarren mailan Auritz Txintxurreta izan zen onena, Xuban Iturberen aurrean (22-11). Eta nagusietan, azkenik, Salaberria eta Ortiz de Urbina nagusitu ziren lehenengo mailan, Urkizu eta Labakaren kontra (22-21); eta Apaolazak eta Lasak irabazi zuten bigarren mailakoa, Olasagasti eta Beloki mendean hartuta (22-18).
Zikuñaga Papelera Torneoa, ostegunetik aurrera
Ostegun honetan hasiko da beste txapelketa bat ere, Hernanin bertan: Zikuñaga Papelera Torneoa jokatuko dute, hirugarrenez. Uztailean, astean zehar egunero jokatuko dituzte partiduak, arratsaldez; eta larunbatetan goizean zein arratsaldean. Hilaren 31n izango dira finalak.
Iker Salaberriak ezustekoa gertu, Altunaren kontra
Eta profesionaletan, sekulakoa egitetik gertu izan da Iker Salaberria goizuetarra, Nafarroako lau t'erdiko txapelketan: 19-22 galdu zuen Jokin Altunaren kontra, final laurdenetan, igandean Iruñeko Labriten. Amezketarra oso estu hartu zuen Salaberriak, eta 15-6 ere izan zen aurretik, baina ezin izan zion eutsi, Altunak bere maila onena erakutsi zuenean.