EuskarAbentura 2021 uztailaren 2an hasiko da, eta aurtengo edizioak kanpaldi formatua izango du

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 26a, 00:00

EuskarAbentura Hernanin, 2019ko udaran.

Bost egun falta dira EuskarAbentura 2021 hasteko. Osasun egoera dela eta, Done Jakue bideak jarraitzeari utziko diote eta hainbat kanpalekutan antolatu dute egonaldia. Maria Arrozpide hernaniarra izango da abenturako medikuetako bat.   

120 gazte (Jzio­qui­tarrek), bi kanpaleku base eta 10 eguneko bi txanda. Formatu horrekin aurkeztu dute aurtengo EuskarAbentura. Osasun egoera dela eta, ezinezkoa izan da espedizioa ohi moduan antolatzea; eta, beraz, aurtengoa «berezia» izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Uztailaren 2an hasiko dute abentura lehenengo txandako parte-hartzaileek, eta hilak 11n emango diote bukaera. Bigarren txanda, berriz, uztailaren 16an hasi eta 25ean bukatuko da.

Sokoa, Lekaroz, Bidania-Goiatz eta Aulestin, aurtengoan
Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 16 eta 17 urte bitarteko gazteek euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera eramango dituen oinezko espedizioa da EuskarAbentura. Bide beretik, Urumea bailara zeharkatu ohi dute abenturazaleek. 2019an, adibidez, Hernanin amaitu zen EuskarA­ben­turaren 18garren etapa; eta 19garrena­ ha­si zuten bertatik, Irun aldera, Asti­ga­rra­gatik igarota. Denera, 798 kilometro egin zituzten.

Oraingo honetan, ordea, kanpaldi formatua izango du. Hain justu, espedizioak Done Jakue bideko hainbat tramo jarraitu ohi ditu, baina koronabirusa medio, aurtengoa ezberdina izango da. Edonola ere, ibiltaria izango ez den arren, gazteek Euskal Herriko txokoak ezagutzeko aukera izango dute.

Lehen txanda Sokoan eta Lekarozen egingo dute; uztailak 6 arte Sokoan izango dira eta gainerako egunetan, Lekarozen. Bigarren txandakoek, aldiz,  Bidania- Goiatzen eta Aulestin udalerrietan pasako dituzte egunak.

Gainera, urtero bezala, Kike Amonarrizen eta Asisko Urmenetaren eskutik hitzaldiak antolatu dituzte bi txandetarako. Hori ez ezik, eduki anitzeko mintegiek, tailerrek eta ekimenek ere aberastuko dute abentura. Hainbat esparrutako profesionalak (musikariak, aktoreak, bertsolariak, idazleak, kirolariak…) kanpalekuetara gazteekin askotariko jakintzak partekatzeko eta haien artean elkar trukea egoteko. Hori da, hain zuzen, EuskarAbenturaren helburuetako bat; «errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko nahiz kultural ezberdineko neska-mutilak nahastu eta, hilabetez, Euskal Herria zentzu zabalean ezagutzera eramango dituen esperientzia ahaztezin hau euskaraz bizitzea».

 

Maria Arrozpide hernaniarra, espedizioko medikua
Parte-hartzaileez gain, begiraleak eta bestelako abenturazaleak ere izango dira edizioko protagonistak, eta Maria Arrozpide hernaniarra izango da horietako bat. Mediku lanetan arituko da bi txandetan, eta azaldu duenez, «oso gogotsu dago» espedizioa hasteko. Mariak Medikuntzako Gradua amaitu berri du, eta MIR azterketa aurrerago prestatuko duela erabaki zuen gradua amaitu aurretik. «Mediku Elkargoan izan nuen eskaintza honen berri, eta ilusio haundia izan da niretzat hautatua izatea; izan ere, Medikuntzako Graduan ikasi dudanaren oso ezberdina da EuskarAbenturan egingo dudana. Gainera, nire lehenengo lana da mediku gisa eta oso pozik nago. Ez dut ukatuko beldur pixka bat ere badudala, ardura haundia baita, medikua naizen aldetik, 60 gazteren erantzule izatea», kontatu du. «Baina gogo haundia dut, medikuntzako beste alderdi bat ikasiko dudalako eta esperientzia dibertigarria izango delako».

Horrekin batera, Mariak kontatu du bestelako udalekuetan parte hartu duela, «baina ez begirale edo arduradun moduan. Horregatik, erronka izango den arren, ibilaldiak, kirola eta euskeraren sustapena bultzatzen dituen udaleku hauetan abentura hasteko irrikatan nago».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!