Umore Onako eskuzko finalak jokatuko dituzte gaur eta bihar

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 25a, 00:00

Kimuen mailako finala jokatuko dute Alize Sagarduik eta Araitz Legarretak, gaur.

Zortzi goizuetar eta bi hernaniar ariko dira horietan. Arratsaldeko 17:30etan jokatuko dira aurrenekoak, gaur.

Gaur eta bihar jokatuko dituzte, Goizuetan, Umore Ona Esku Pilota Txapelketaren finalak. Eta horietan, bailarako hamar pilotari ariko dira guztira: zortzi goizuetar, eta bi hernaniar.

Gaur arratsaldean jokatuko dituzte aurreneko hiru finalak, 17:30etan hasita. Mutil seinetan, Oier Zabala eta Mikel Zurutuza goizuetarrak ariko dira, Bortzirietako Madariaga eta Zubietaren kontra. Neska kimuetan, berriz, Alize Sagardui eta Araitz Legarreta goizuetarrek jokatuko dute, Bortzirietako Danborinea eta Altzuriren kontra. Eta azkenik, haur kategoriako mutiletan, Anartz Lujambio goi­zuetarra ariko da, Aurrerako Arregirekin, Gaztelekuko Gaztañaga eta Berozen kontra.

Bihar izanen dira beste lau finalak, goizeko 10:00etan hasita. Mutil kimuetan, Mattin Garmendia eta Adur Sagardui goizuetarrek jokatuko dute, Eñaut Aranberri herrikidearen eta Aurrerako Ugartemendiaren kontra. Eta mutil kadeteetan, Julen Deskarga eta Peru Urdanpilleta hernaniarrak ariko dira, Bortzirietako Orbegozo eta Etxabideren kontra. Nagusien mailako finaletan, ordea, ez da izanen bailarako ordezkaririk. Nesketan, Gaztelekuko Larrarte eta Men­dizabal ariko dira, Araxeseko Sotil eta Aurrerako Alvarezen kontra. Eta mutiletan, azkenik, aurrez au­rre izanen dira Bara­ñain­go Seno­siain eta Tainta, eta Irur­tzungo Arbi­zu eta Olaetxea.

Ingurukoen babesa izan zuten Ainhoa Zabaletak eta Maria Eskuderok, finalean ere.


Zabaletak eta Eskuderok ezin, eta Irazustabarrenak eta Arrietak aukera, Master Cupen
 

Bestalde, Emakume Master Cup txapelketa jokatu dute, azkeneko asteotan, bailarako hainbat pelotarik. Eskuz, finalera iritsi ziren Ainhoa Zabaleta eta Maria Eskudero goizuetarrak, baina ezin izan zuten txapela jantzi: 8-22 galdu zuten, Ania Oronoz eta Marie Goyenetcheren kontra.

Ariane Arrieta eta Amaia Irazustabarrena, Emakume Master Cupeko finalaren aurkezpenean, Etxarri-Aranatzen.


Palaz, berriz, bihar daukate aukera Amaia Irazustabarrena eta Ariane Arrieta hernaniarrek. Elite mailako finala jokatuko dute, Etxarri-Ara­natzen, arra­tsal­deko 18:00etan, Isasmen­di eta Ruizen kontra. Finala zuzenean emango du Navarra Tele­vision kateak.

Xabier Arizkorretak Gipuzkoako finala, Zumaian

Eta pilota egokituan ere izango dira finalak, asteburu honetan, Gipuzkoako Txapelketan. Bihar jokatuko dituzte, Zumaiako Aitzuri frontoian, 10:30etan hasita. Eta bertan izango da Xabier Arizkorreta palista hernaniarra. Iraitz Huegunekin jokatuko du Arizkorretak, eta aurrean izango dituzte Eneko Sagarmendi eta Haritz Lertxundi.

Xabier Arizkorreta, ezkerretik hirugarrena zutik, finalen aurkezpenean. Argazkia: Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa


Gainera, ez dute frontoi hutsean jokatuko. Frontoietan publikoa izatea baimenduta, %60ko aforoarekin izango da Aitzuriko jaialdia, bihar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!