Garaipenarekin debuta, Aritz Murgiondok

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 21a, 00:00

Aritz Murgiondo, pelota bat jaso nahian. Argazkia: Maialen Andres

30-24 irabazi zuen Goikoetxea Vrekin, Loitegi eta Zubiriren kontra. Barrenetxeak ere irabazi, San Fermin torneoko estreinakoa.

Primeran hasi du bere ibilbidea profesionaletan, Aritz Murgiondo erremontista hernaniarrak. Ostiralean egin zuen debuta, bigarren mailako San Fermin torneoan; eta 30-24 irabazi zuen Goikoetxea Vrekin batera, Julen Loitegi urnietarraren eta Aritz Zubiri goizuetarraren kontra.

Garaipena lortu bakarrik ez, partidu haundia jokatu zuen hernaniarrak, eta garbi erakutsi zuen, sakearekin min haundia egiteko gai dela: 13 tanto lortu zituen horrela. 15 tanto egin eta bakarra galduta bukatu zuen partidua, hernaniarrak. Garaipenarekin, lau puntu pilatu zituzten Goikoetxeak eta Murgiondok, torneoaren ligaxkan; eta bakarra Loitegik eta Zubirik. Bigarren mailako beste partidu bat ere jokatu zen ostiralean: Urrutiak eta Martirenak lortu zuten lau puntu pilatzea, 30-11 irabazita Zalduari eta Labakari. Galtzaileak, gainera, puntu negatibo batekin daude sailkapenean.

Endika Barrenetxeak garaipena, Juanenearekin

Eta ostiralean jokatu zuen Endika Barrenetxea hernaniarrak ere, lehenengo mailako San Fermin torneoan. Aritz Juanenearekin aritu zen, eta 30-26 irabazi zuen estreinako partidua, Ansa II eta Larrañagaren kontra. Oso berdindua izan zen partidua, baina azkeneko tantoetan gehiago asmatu zuten Barrenetxeak eta Juaneneak. Be­reziki fin aritu zen Saldiaseko aurrelaria, errematean.

Horrela, lau puntu garrantzitsu pilatu zituzten hernaniarrak eta Juaneneak, eta bi puntu Ansak eta Larrañagak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!