Sarobe-Perurena nesketan eta Legarreta-Miranda mutiletan, Umore Onako aurreneko txapeldunak

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 21a, 00:00
Umore Ona Pala Txapelketaren palako finalista guztiak, sariak jasota.

Larunbatean jokatu ziren pala txapelketaren finalak: Sarobe eta Perurena 20-18 nagusitu ziren, Etxegia eta Zugarramurdiren kontra; eta Legarretak eta Mirandak 25-18 irabazi zieten Huiziri eta Zugarramurdiri.

Giro ederrean bukatu zen Umore Ona Pala Txapelketaren aurreneko edizioa, larunbatean; eta badauzka aurreneko txapeldunak, torneoak: Maitane Sarobe eta Uxuri Perurena, nesketan; eta Xabier Legarreta eta Iker Miranda, mutiletan.

Oso partidu estuan nagusitu ziren Sarobe eta Perurena, Mirari Etxegia eta Naroa Zugarramurdiren kontra (20-18). 18na berdinduta izan ziren, eta beraiek lortu zituzten azkeneko bi tantoak. Mutiletan, haundiagoa izan zen aldea azkenean: 25-18 irabazi zuten Legarretak eta Mirandak, Mikel Huiziren eta Ibai Zugarramurdiren kontra. Berez, Joseba Apezetxeak jokatu behar zuen Mirandarekin, baina eskumuturra minduta zuela eta, Legarreta aritu zen bere ordez. 4-8 aurreratu ziren Huizi eta Zugarramurdi, baina 11na berdintzea lortu zuten Legarretak eta Mirandak, eta hortik aurrera gehiago izan ziren.

Eskuzko txapelketan, hainbat finalista erabakita

Azken txanpan sartu da Umore Ona Esku Pilota Txapelketaren bosgarren edizioa ere. Ostiralean eta larunbatean jokatutako partiduetan, dagoeneko erabakita geratu ziren hainbat finalista. Mutil kadeteetan, Deskarga eta Urdanpilleta hernaniarrek lortu zuten txartela, 22-10 irabazita Gaztelekuko Gaztañaga eta Berozi. Eta mutil kimuetan, Sagardui eta Garmendia goizuetarrak sailkatu ziren finalera, Arkupeko Telletxeatarrak 18-16 menderatu ondoren. Narbarte eta Elizegi goizuetarrek, ordea, ezin izan zuten finalera sailkatu mutil seinetan, 9-18 galdu baitzuten Bortzirietako Madariaga eta Zubietaren kontra.

Neska nagusietan, bestalde, galdu egin zuten Ainhoa Zabaleta eta Maria Escudero goizuetarrek, Gaztelekuko Larrarte eta Mendizabalen kontra (6-22).

Amaia Irazustabarrenak ezin, Espainiako Txapelketan

Palista hernaniarrei dagokienez, Espainiako Txapelketan aritu da Amaia Irazustabarrena, Getafen. Ligaxka jokatuta, final laurdenetara sailkatu zen, baina galdu egin zuen, Auritzeko Maider Ardanazen kontra.

Aldiz, oso emaitza onak lortu dituzte hernaniarrek Irekia Txapelketan, jokatutako sei partiduetatik bost irabazi baitituzte. Bigarren mailan, 30-19 irabazi zuten Ekhine Balerdik eta Enara Maciciorrek, 30-18 Nahia Eizmendik eta Eider Otaegik, eta 30-16 Ainhoa Urienek eta Eli Gutierrezek. Aldiz, galdu egin zuten Garazi Urdangarinek eta Ane Kerejetak (11-30). Hirugarren mailan, berriz, 30-21 irabazi zuten Maddi Iriondok eta Alaitz Barrenetxeak, eta jokatu gabe lortu zuten garaipena Joana Tolaretxipik eta Irati Minerrek, kontrarioak ez baitziren azaldu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!