Enekoitz eta Xabier Mikel Azparren ezpal berekoak direla argi geratu zen asteartean, Gervais Memorialean. Enekoitz Azparrenek (Laboral Kutxa) bere anaiaren erreleboa hartu zuen eta Gervais Memoriala edo Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketa irabazi zuen elite eta 23 urtez azpikoen mailan. Aizarnazabalen jaun eta jabe izan zen txirrindulari astigartarra.
Lortutako emaitzei dagokienez, Enekoitz Azparrenek 21 kilometroko ibilbidea egin zuen 26:37ko denboran, helmugan bigarren izan zen Mikel Mujika (Caja Rural-RGA) minutu bat baino gehiagora iritsi zen. Bestalde, Xabier Isasak (Laboral Kutxa) eta Asier Pozok (Eibar Energia Hiria) osatu zuten 23 urte azpiko podiuma, 1:12 eta 1:28ra, hurrenez hurren.
Brontzea, atzo Espainikoan
Horrela, Enekoitzek Xabier Mikel anaiaren lekua hartuko du Gipuzkoako tronuan, eta atzo Alacanteko Busot herrian jokatuko zen Espainiakoan ere brontzea lortu zuen. Orain dela aste pare bat Euskadi Fundazioaren promesa gazteak amateur mailan estreinatu zuela bere palmaresa, Agoncilloko Klasikoan irabaziz, eta argi eta garbi utzi zuen une bikainean dagoela.
Bestalde, Xabier Mikelek marka bikaina egin zuen atzo, izan ere, 10garren postua lortu zuen profesional mailan.
Gipuzkoa Klasikoa eta Anza Memoriala, asteburuan
Asteburuan lasterketa sorta jokatuko da Nafarroan, EAEn eta Kantabrian. Gipuzkoan afizionatuek Anza Memoriala dute gaur, 16:00etatik aurrera Tolosan eta juniorrek bihar Gipuzkoa Klasikoa izango dute Urretxun, 10:30etan. Kadeteek, berriz, ez dute lasterketarik Gipuzkoan eta aukera Colindresera (Kantabria) joatea da. Bestetik, gaur, Nafarroan, Obanosen, juniorren proba bat egongo da Euskal Herria Torneoaren barruan.