Promozioko Buruz Buruko txapelketan ondo aritu ondoren, ASPEk aukera eman zion Iker Salaberria goizuetarrari Nafarroako Lau t'erdikoa jokatzeko. Elezkano II.aren bajaren ondoren, Victor Esteban errioxarra egokitu zitzaion aurkari, Asperekin berriro debuta egiten zuena zortzi hilabetez profesionaletatik urrun egon ondoren.
Goizuetarrak ez zuen huts egin eta bere lehiakortasuna erakutsi zuen. Partidu osoan atzetik joan arren, errioxarrari gailentzea lortu zuen 21-22, Logroñoko Adarraga frontoian. Gogoratu, Adarraga frontoiaK Javier Adarraga hernaniarraren omenez hartzen duela izen hori. Hurrengo geldialdia Salaberriak, bi aste barru egingo du Jokin Altunaren aurka. Ordurako amezketarra Buruz Burukoaren txapeldun berria izan daiteke.
Urkizu eta Labaka Udaberri txapelketan, kanpora
Udaberri txapelketan, larunbatean, Amezketan, Iñigo Urkizu eta Iñigo Labakak 22-9 galdu zuten Altuna eta Belokiren aurka (Zazpi Iturri) final laurdenetan. C.D. Hernaniko bikoteak ez zuen bere eguna izan, ez zuen bere ohiko mailan jokatu eta ezer gutxi egin ahal izan zuen partidu bikaina jokatu zuten aurkari batzuen aurka.
Umore Onan, finalerdiak
Larunbat eta igandean, Goizuetan, Umore Onako txapelketako finalerdiak jokatu ziren eta Lujanbio-Arregi infantil goizuetarrek Oses-Gaskon infantilak garaitu zituzten 18-2. Ezer gutxi egiteko aukera izan zuten hernaniarrek aurkari goizuetar indartsu biren aurka.
Xabier Salaberria eta Iñigo Labaka seniorrek 22 eta 19 galdu zuten Tainta eta Senosiain (Barañain) bikotearen aurka, partida gogorra eta berdindua izan zen eta bukaeran nafarrak zorte gehixeago izan zuten 22ra iristerako orduan.
Sein mailan Zurutuza-Zabala (Umore Ona) 18-5 gailendu ziren Seges-Menta taldekideen aurka. Kimuetan Aranberri-Ugartemendiak 18-12 irabazi zuten Salaberria-Alsuaren kontra.
Kimu nesketan Sagardui eta Legarretak 18-9 galdu zuten, Bortzirietako Danborinea-Altzuriren aurka. Neska nagusitan Zabaleta-Eskuderok galdu egin zuten Iris eta Vergararen kontra, 22-13.