Balentria egin zuen Hodei Lujanbiok igandean Tolosaldeako hiru tontorren lasterketan. Mendi lasterkari goizuetarrak laugarren amaitu zuen gogortasun ikaragarria izan zuen lasterketan. Bero beldurgarria egin zuen eta izena eman zutenen erdiak baino gutxiagok amaitu zuen lasterketa, %45ak.
Hodei Lujanbiok ordea ederki eutsi zion erritmo gogorrari eta beti aurreneko postuetan ibili zen aurkariei, ibilbideari eta giroari aurre eginez.
Hala ere azken kilometroetan sufritu zuen. Elduaindik bigarren postuan pasa zen, baina Erroizperako azken igoeran eta Tolosara bidean bi postu galdu zituen. Azken denbora lau ordu, 26 minutu eta 20 segundukoa izan zen. Aurreneko postutik ez zen urruti geratu, bi minutu eta 17 segundura. Ismail Razga sestaoarrak irabazi zuen 4h24:03 denborarekin. Jaime Romo (Ponferrada) izan zen bigarren 39 segundura eta Hassan Ait Chaou (Villabona) hirugarren minutu batera.
Mitxel Lamuedra, Lander Muñoa eta Josu Artolak amaitu zuten lasterketa
Hernani eta Astigarragako lasterkariak ere irten ziren Tolosatik 43 kilometroko ibilbidea osatzeko, baina erdiak amaitu zuten. Guztira bost hernaniarrek eta astigartar batek hartu zuten parte eta horietatik hiruk lortu zuten mendi maratoia amaitzea. Josu Artola astigartarrak (5h53:23), Mitxel Lamuedra hernaniarrak (8h31:17) eta Lander Muñoa hernaniarrak (8h31:20).
Ezin izan zuten bukatu lasterketa Oskar Gascon, Juan Ignacio Rodríguez eta Gonzalo Saavedrak. Hala ere, herenegungo giroarekin mendi maratoian irtetea bera balentria izan zen.
Sailkapen ofiziala lotura honetan