Larrañagak Urrezko Aizkolarien txapela, 20 urtez azpikoetan eta 'Paolla' segundu bakarrera, gazteetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 15a, 00:00

Markel Zapiain eta Axel Larrañaga podiumean igandeko aizkolari txapelketan.

Hernaniko aizkolariek lan bikaina egin zuten igandean Lekunberrin eta Markel Zapiain astigartarrak ere bigarren postuan amaitu zuen 20 urtez azpikoen txapelketan. 'Basozabal'ek hirugarren egin zuen 24 urtez azpikoetan.

Axel Larrañaga txapeldun izan da asteburuan Urrezko Aizkolarien Banakako txapelketan, Lekunberrin, Gaztetxoen edo 20 urtez azpikoen txapelketan. Hernaniko aizkolari gazteak Markel Zapiain lagun astigartarra, Oier Larretxea eta Endika Goia gainditu zituen. Beraz lehendabiziko bi postuetan sailkatu ziren bailarako bi aizkolariak.

Suharri Rodriguez Paollak ere ezin gertuago izan zuen txapela, baina azkenean segundu bakarrarengatik geratu zen txapelik gabe Gazteen txapelketan edo 24 urtez azpikoetan. Xuban Kañamares V.ak aurretik eman zuen azken aizkorakada. Txapelketa honetan Jokin Urretabizkaia Basozabal donostiarra izan zen hirugarren.

 

Larrañagak indar erakustaldia eman zuen

Guztira sei txapela banatu ziren igandean Lekunberriko frontoian. Aizkoran hiru eta bertan bikain aritu ziren bailarako aizkolariak. 20 urtez azpikoen txapelketan 45 ontzako hiru enbor moztu behar zituzten aizkolariek eta Martindegiko Larrañagak erakustaldia eman zuen. Lau minutu eta 37 segundutan amaitu zuen lana.

Atzetik Markel Zapiain astigartarrak bigarren amaitu zuen minutu batera eta Oier Larretxea minutua eta hamar segundu beranduago moztu zituen hiru enborrak. Endika Goiak hiru minutu eta lau segundu gehiagorekin laugarren bukatu zuen finala.

Gazteen finala oraindik eta estuagoa izan zen. Suharri Paollak garaipena gertu izan zuen, baina azkenean Xuban Kañamares segundu bat azkarragoa izan zen ereñotzuarra baino. Hiru kanaerdiko moztu behar zituzten eta 5:49 eta 5:50eko denborak egin zituzten lehendabiziko bi sailkatuek. Honelako txapela garrantzitsuak segundu bakarrarengatik ihes egiteak pena ematen du, baina lan hona egin zuen.

Jokin Urretabizkaia Basozabalek ere ez zuen urruti amaitu. Aurreneko postutik 50 segundura geratu zen eta hirugarren amaitu zuen. Finala Ibon Garaiburuk itxi zuen zazpi minutu eta 30 segunduko denborarekin, laugarren postuan.

Bestetik aipatu, nagusien mailan Hodei Ezpeleta eibartarra dela txapeldun berri. Harrijasotzen Unax Magunazelaia, Karmele Gisasola Zelai III eta Udane Ostolazak lortu zituzten txapelak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!