Mundarrok 2-0 garaitu zuen Mariño, eta emaitza horrekin, ligako txapeldun izatea lortu du

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 15a, 00:00

Mundarroko Erregional mailako taldea, garaipena ospatzen.

Erregional mailan, Mundarro txapeldun izan da, 2-0 gailendu ostean. Euskal Ligako taldeak 2-0 irabazi bazuen ere, ez du mailan mantentzea lortu. Ohorezko Erregional mailan, Hernanik hirugarren postua lortu du, penaltietan.

Asteburu gazi-gozoa izan zen Astigarragako eta Hernaniko futbol taldeentzat. Izan ere, askorentzat denboraldi honetako azkeneko partidua izan zen, eta emozio ugari bizi zituzten jokalariek zelai barruan. Batzuek mailari eusteko borrokatu zuten; eta beste batzuek, berriz, txapeldun izateko.

Mundarro izan zen protagonista, 2-0 gailendu baitzen Mariñoren aurka, Oreretan, Unai Arrestiren eta Jon Prietoren golekin. Erregionalen 1go mailako finala jokatu zuten etxean, eta denboraldiari amaiera borobila ematea lortu zuten. Bere aldetik, gorengoen mailan, Mundarrok 4-3 garaitu zuen Tolosa, Zarkumendegin. Golegileak, oraingo honetan, Beñat Mendiburu, Garzianidia eta Oier izan ziren, azken horren bi golekin. Emaitza horrekin, asteburu honetan bosgarren postua jokoan izango dute, Rotetaren aurka.

 

Irabazi arren, ez dute kategoria mantendu

Euskal Ligako taldeak Pauldarraken aurka neurtu zituen indarrak, larunbatean. Hil ala biziko partidua jokatu zuten neskek, mailan mantentzeko norgehiagoka, hain justu. Erakustaldi bikaina eman zuten berdeek, 2-0 garaitu baitzituzten aurkariak. Edonola ere, Euskal Ligan mantentzea ez zegoen, soilik, hernaniarren esku: ordu berean jokatutako beste bi partiduren emaitzen zain egon ziren. Eta zorteak ez zuen Hernaniren alde egin, Goierri Gorrik 3-1 irabazi baitzuen Barakaldoren kontra; eta, gainera,  Aurrera de Vitoriak 2-0 itxi zuen markagailua, Sestao Riveren aurka. Hori horrela, datorren denboraldian, Hernaniko emakumeen lehenengo taldea Gorengoen mailan izango da.

Hernaniko jubenilen Liga Nazionaleko azkeneko partidua Bilbon jokatu zuten hernaniarrek. Deusturen kontra 0-5 gailendu ziren hernaniarrak. Rokek eta Jonanek gol bana sartu zuten, Martxelek bi egin zituen, eta beste bat, berriz, Deustuk sartu zuen, bere atean. Amaiera borobila eman zioten denboraldiari, maila mantentzea lortu dutelako, eta modu ezin hobean, azkenean, gainera.

 

Penaltietan lortu zuten hirugarren postua

Ohorezko Erregional mailako taldeak hirugarren postua zuen jokoan, Añorgaren aurkako norgehiagokan. 3-3 berdindu zuten mutilek, Bereziren, Olivenzaren eta Pelloren golekin. Penaltietan heldu zen garaipena, luzapenean ere ez baitzuten lortu golik sartzea, ez Hernanik, ez Añorgak. Hirugarren mailara igotzea lortu ez badute ere, postu onean amaitu dute berdeek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!