Aurtengo Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibala Irisarrin izango da, uztailaren 2tik 4ra bitartean. Dagoeneko aurkeztu dituzte egitarauko zenbait talde; besteak beste, Zea Mays, Nøgen, Ruper Ordorika, edota Chill Mafia. Bestalde, aurtengo egitaraua berezia izango da, izan ere, 25 urteko ibilbidea ospatuko dute. Gainera, musika taldeez gain, antzerkiak eta bestelako kultur ikuskizunak ere izango dira.
Horren haritik, Kronikak sarrera bat zozketatuko du Kronikalarien eta bazkideen artean, eta bihar da izena emateko azkeneko eguna.
Sarrera lortzeko, izena eman behar da
Festibaleko sarrerak www.ehz.eus webgunean eros daitezke, 35 euroan. Baina, esan bezala, Kronikak sarrera bat zozketatuko du. Interesa dutenek izena eman beharko dute; eta horretarako, hainbat bide daude: kronika@kronika.eus emailera idatzita, 943 33 08 99/ 688 660 714 telefono zenbakietara deituta, edota WhatsAppera idatzita. Bihar da horretarako azken eguna.
Horrekin batera, aipatu beharra dago, festibalera joateko, osasun-pasea sarreran aurkeztu beharko dela (48 ordu lehenago egindako PCR negatiboa edo txertoa). Gainera, kontzertuetan eta gainerako emanaldietan beharrezkoa izango da maskarilla jantzita izatea.