Azken txanpan sartu da Umore Ona Txapelketa, eta atzo jokatu bazuten aurreneko semifinala, beste lau jokatuko dituzte gaur eta bihar, Goizuetan.
Goizeko 10:00etan hasiko da gaurko jaialdia, eta hiru semifinal jokatuko dituzte, hiru maila desberdinetan. Hasteko, aurrez aurre ariko dira bi bikote goizuetar, seinetan: Seges eta Menta, eta Zurutuza eta Zabala. Ondoren, kimu mailakoa jokatuko dute Salaberria eta Alsua goizuetarrek, Aranberri herrikidearen eta Aurrerako Ugartemendiaren kontra. Eta azkenik, haur mailakoan, Gaskon eta Oses hernaniarrek jokatuko dute, Lujambio goizuetarraren eta Aurrerako Arregiren kontra.
Bihar, berriz, 11:30etan ekinen diote, beste bi partidurekin. Aurrena, nagusien mailakoa jokatuko dute Ainhoa Zabaleta eta Maria Eskudero goizuetarrek, Pilotajaukuko Iris eta Vergararen kontra; baina hori ez da semifinala izanen. Bai, ordea, segidan jokatuko dutena: Xabier Salaberria eta Iñigo Labaka hernaniarrak ariko dira, nagusietan, Barañaingo Tainta eta Senosiainen kontra.
Mendialdeko finala gaur, Oihan Legarretak
Zita garrantzitsua izanen du beste goizuetar batek ere, gaur bertan, Lekunberrin, arratsaldeko 16:00etan hasita. Mendialdeko Txapelketaren finala jokatuko du, kadete mailan: Larraungo Goikoetxearekin batera jokatuko du, Aurrerako Sagastibeltzaren eta Larraungo Galarzaren kontra.
Atzo arratsalden jokatu zituzten beste hiru final, Goizuetan; eta horietako batean aritu ziren Garmendia eta Salaberria goizuetarrak, kimuetan, Araxeseko Orejaren eta Aurrerako Apalantzaren kontra.
Udaberriko Txapelketaren final laurdenetan, bi bikote
Gipuzkoan ere izango dute partidu garrantzitsurik, bailarako esku pelotariek. Udaberriko Txapelketan, esaterako, nagusien lehenengo mailako final laurdena jokatuko dute, Hernaniko eta Astigarragako bikote banak; biek ere, Amezketako Larrunarri frontoian, 11:00etan hasita. Aurrena, Iñigo Urkizu eta Iñigo Labaka hernaniarrek jokatuko dute, Zazpi Iturriren kontra. Eta segidan, Ekain eta Eñaut Lizeaga astigartarrak ariko dira, Tolosaren kontra.
San Joan Txapelketa, azkeneko fasean sartuta
Eta Hernanin ere bada partidurik, asteburuan. Jaialdi bikoitza izango da gaur, goizez 11:00etan eta arratsaldez 16:00etan; eta bihar jokatuko dira beste hiru partidu, 11:00etan hasita. San Joan Txapelketakoak izango dira denak, eta azkeneko fasean sartu da torneoa. Lau t'erdian, adibidez, kadete mailako semifinalak jokatuko dituzte. Gaur arratsaldean izango dira lehenengo mailakoak: Unax Manterola, Oier Alegriaren kontra; eta Julen Deskarga, Peru Urdanpilletaren kontra. Eta bihar, bigarren mailakoak: Aiur Elizazu, Auritz Txintxurretaren kontra; eta Xuban Iturbe, Oihan Legarreta kontra.