2020ko uztako sagardoa aurkeztu zuten atzo, Donostiako Miramar Jauregian

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 10a, 00:00
2020ko uztako sagardoaren aurkezpena atzo, Miramar Jauregian.

Euskal Sagardoa jatorri-deiturak joan den urteko uztako sagardoa aurkeztu zuen atzo. Denera, euskal sagardoko kide diren 48 sagardotegien 70 produktu aurkeztu zituzten.

Euskal Sagardoa jatorri-deiturak 2020ko uztako sagardoa aurkeztu zuen atzo, Donostiako Miramar Jauregian. Bertan izan ziren, besteak beste, Unai Agirre Euskal Sagardoako koordinatzailea, erakunde publikoetako ordezkariak, Gipuzkoako ostalaritzako ordezkariak, eta baita Euskal Sagardoa jatorri-deiturako kideak ere.

Denera, Euskal Sagardoa osatzen duten Gipuzkoako, Bizkaiako eta Arabako 48 sagardogileen 70 sagardo aurkeztu zituzten. Horren haritik, adierazi zutenez, 2020ko uzta txikia izan da kopuruz; «guztira, 1,2 milioi litro Euskal Sagardo ekoiztu dira bertako 2 milioi kilo sagarrekin, aurreko urtearen hirutik bat. Hala ere, izaera haundiko sagardoak dira nagusiki, mamitsuak ahoan eta iraupen luzekoak».

 

«Denboraldi ez ohikoa» izan den arren, itxaropentsu daude

Sektoreak sagardotegi denboraldiko balorazioa egin zuen eta udarako denboraldiaren berri eman zuten bertakoek. Aurtengoa denboraldi zaila izan zela onartu zuten; «beste hainbat sektoretan bezala, galera haundiak izan ditu Sagardo Sektoreak 2020ko martxoaz geroztik. Ostalaritzako sagardo salmenta eta sagardotegiko bisiten jaitsierarekin 20 milioi euroko galerak izan ditu orain arte. Dena den, dendetan, etxetik zuzenean, nahiz on-line salmentak asko igo dira eta horrez gain, sagardotegietara bertaratu den jendeak ere asko gozatu du aurten sagardoarekin. Horrek esperantza haundiak eman dizkio sektoreari».

Nolanahi ere, itxaropentsu daude; «jendea bizitza normalera bueltatzeko gogoz dago, ostalaritzan, terrazetan, kanpoan, zein etxean; horrek sagardoaren kontsumoa bultzako du».

 

HikNik kanpaina, martxan

«Udarako kontsumoa bultzatzeko» asmotan, HikNik kanpaina jarriko du abian Euskal Sagardoak. Espazio zabaletan, Euskal Sagardoarekin batera, bertako produktuez gozatzeko gonbita da: Hik jatekoa, Nik Euskal Sagardoa lelopean. Labeldun produktuez osatutako errezeta laburrak banatuko dira ekitaldi, supermerkatu eta tabernetan, Euskal Sagardoari buruzko informazioarekin batera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!