Buruntzaldeako Langile Autodefentsa Sarea sortu da

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 9a, 00:00

Kontseilu Sozialistak lan-ildo propioa sortu du; eta, horrekin batera, kanpaina bat jarri du abian. Etzi izango da aurkezpena, 17:00etan, gaztetxean.

Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistak «zuzenean auzi laboralari eta sarreren auziei erantzungo dien lan-ildo propioa» sortu du: Buruntzaldeako Langile Autodefentsa Sarea. Azaldu dutenez, Covid-19a medio, langileriaren babesgabetasuna «gero eta nabariagoa» da. Horren ondorioz, langileriaren antolaketaren beharrezkotasuna mahai gaineratu dela diote.

Egoera hori ikusita, autodefentsa laboralari buruzko dinamika sortu zuten. «Auzo laboralari erantzuteko forma eraginkorren gainean hausnartzen aritu gara eskualde mailan», kontatu dute. Eta saio horietatik sortu da, hain justu, gaurkoan aurkeztutako Buruntzaldeako Langile Autodefentsa Sarea.

«Ikuspuntu sozialista batetik, sindikalgintza euskarri bat besterik ez da gure bizi baldintzak babestuz goazen heinean botere politiko antagonista bat sortzeko. Sindikalgintza beraz, antolakuntzarako beste esparru bat dela ulertzen dugu. Proletalgoak bere bizi-baldintzak hobetzeko duen premiak eta sozialismoa eraikitzeko beharrak, eskutik helduta joan behar dute», azaldu dute.

 

Hiru helburu nagusi, sortutako sareak

Aurten hasi zuten Autofedentsa laborala dinamika, eta hari horri tiraka sortu dute sare hau. Helarazi dutenez, hiru helburu nagusi ditu tresna honek: batetik, «haunditzen doan inpunitate enpresariala borrokatzea»; bestetik, «langileriaren batasuna ardatz, espazio soziologiko eta politikoa gainditzea esparru proletarizatuenekin lan egin ahal izateko»; eta, azkenik, «langileriaren heziketa eta antolaketa politikorako baliabideak sortzea».

Horrekin batera, abian jarri dute Lan eremuko biolentziaren aurrean, autodefentsa laborala kanpaina.  «Enpresa gehienetan, berdin publiko zein pribatu, autoritarismoa lan egiteko modu eraginkor gisa finkatzen ari den honetan eta azken urteetan era esanguratsuan gora doazen lan eremuko biolentzia kasuak ikusita, Buruntzaldeako langile autodefentsa sarearen lehen ekinbide moduan, “Lan eremuko biolentziaren aurrean, autodefentsa laborala!” kanpaina abiaraziko dugu». Diote, egitasmoaren helburua dela problematika zehatz hori ikusaraztea, «auziari berari aurre egiteko baliabide praktikoak eskaintzearekin batera».

Ostiralean izango da kanpainaren aurkezpena, Kontrakantxan, arratsaldeko 17:00etan. Horrekin batera, beste saio bat ere antolatu dute, uztailaren 3rako.  Arratsaldeko 17:00etan izango da, eta langile boteretze eskola izango dute, lan eremuko biolentzia lantzeko. Saio horretan, lanketa teorikoa zein formakuntza juridikoa izango dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!