EHZ festibala Irisarrin izango da aurten, uztailean, eta Kronikak sarrera bat zozketatu du

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 9a, 00:00

Hiru egunez izango da aurtengo EHZ ere: uztailaren 2an, 3an eta 4an. Sarrerak salgai daude 'ehz.eus' webgunean, 35 euroan.

Arrosatik Irisarrira, Euskal Herria Zuzenean festibalak (EHZ) 25 urteko ibilaldi aberatsa ospatuko du aurten, Irisarrin, uztailaren 2tik 4ra bitartean. Osasun egoera medio, joan den urtean ezinezkoa izan zen kontzertuak egitea, baina aurten indartsu eta gogo haundiz prestatu dute egitaraua. Sarrerak salgai daude www.ehz.eus webgunean, 35 euroan. Gainera, Kronikak sarrera bat zozketatuko du bazkideen eta kronikalarien artean. Horretarako, interesa dutenek izena eman beharko dute: kronika@kronika.eus emailera idatzita, 943 33 08 99/ 688 660 714 telefono zenbakietara deituta, edota WhatsAppera idatzita. Izena emateko epea astelehenean amaituko da, hilaren 14an; eta zozketa ekainaren 15ean egingo da, asteartean. Egunean bertan jakinaraziko dugu saridunaren izena.

 

Hainbat neurri, festibalean

Egungo osasun egoera dela eta, festibalera joateko beharrezkoa izango da hainbat neurri betetzea: zehazki, osasun-pasea sarreran aurkeztu beharko da (48 ordu lehenago egindako PCR negatiboa edo txertoa). Horrez gain, egungo osasun egoeragatik zehaztutako gainerako segurtasun neurriak ere bete beharko dira.

Bestelakoan, kontzertuak, antzerkiak, dantza emanaldiak eta beste motako ekimenak zutik ikusi ahal izango dira, baina maskarilla jantzita.

Bestalde, dagoeneko hasi dira EHZko webgunean argitaratzen orain arte baieztatutako taldeak; besteak beste, Zea Mays, Ruper Ordorika, Potato, Chill Mafia, eta abar izango dira. Guztiak ikusgai daude  www.ehz.eus weborrian.

Giro ederraz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, izan ere, zuzeneko ekitaldiak ikusteaz gain, edari eta janari postuak ere izango dira Irisarrin, lagunekin eta senideekin ondo pasatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!