Kanporaketari sekulako buelta eman, pasea esku-eskura izan, eta modurik gogorrenean esan behar izan zion agur Astigarragak, Herriarteko Txapelketari. Banaka galdu eta binaka irabazi ondoren, 19-7 ari zen irabazten Asier Salaberria, zazpi barrukoan; eta nahikoa zuen tolosarrak beste bi tanto ez egitea, Astigarraga semifinaletara sailkatzeko. Baina Tolosaren aldera erori ziren hurrengo tantoak, sekulako tentsioarekin jokatutakoak: 20-11 irabazi zuen Salaberriak, eta hiru tantorengatik egin zuen aurrera Tolosak.
Aurretik, 7-20 galdu zuen bere partidua Jon Gelbentzuk, Tolosako palista onenaren kontra; eta binaka 20-12 irabazi zuten Mikel Txoperenak eta Beñat Zubiarrainek.
Irazustabarrenak eta Arrietak galdu, Espainiako finala
Iruñeako Mendillorrin zeukaten asteburuko beste zita garrantzitsua, bailarako palistek: Espainiako Txapelketako finala zeukaten jokoan Amaia Irazustabarrena eta Ariane Arrieta hernaniarrek, trinketean; baina 15-13 eta 15-8 galdu zuten, Errekaleor taldeko Nagore Martin eta Ane Ibañezen kontra. Entrenamendu falta nabaritu zuten hernaniarrek, pandemiaren eraginez: trinketeko txapelketak prestatzeko aukera gutxi izan dute, gasteiztarrek ez bezala.
Zugarramurdi-Etxegia eta Sarobe-Perurena, finalista
Eta Umore Ona Txapelketan, erabakita dago nesken finala: N. Zugarramurdi eta M. Etxegia ariko dira, M. Sarobe eta U. Perurenaren kontra. Aurrenekoek N. Zabala eta J. Bakero menderatu zituzten semifinalean (20-9), eta bigarrenek M. Etxeberria eta A. Apezetxea (20-10). Larunbat honetan, mutilen semifinalak jokatuko dira: J.Apezetxea-I.Miranda/X.Legarreta-A.Larralde; eta M.Huizi eta I.Zugarramurdi/ A.Huizi eta X.Zugarramurdi. Bi finalak, ekainaren 19an.