Hernanik 3-0 galdu du Azpeitiren aurka eta kalean geratu da

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 6a, 00:00

Herriarteko final laurdenetako itzulerako partiduetan azpeitiarrak erraz nagusitu ziren etxean eta 1-2ko abantaila haunditu egin zuten.

Gipuzkoako Herriarteko txapelketaren finalerdietara ezin izan du sailkatu Hernanik eta final laurdenetan Azpeitiak kanporatu du. Desanbantailarekin ekin zioten hernaniarrek Azpeitiren aurkako lehiari; izan ere, 1-2 gailendu ziren Urola Kostako pelotariak joan zen astean, Hernaniko frontoian jokatutako joaneko lehian. 


Ostiralean, berriz, jaun eta jabe izan ziren azpeitiarrak kantxan, eta 3-0 irabazi zuten etxekoek norgehiagoka. Kadeteetan, 22-13 nagusitu ziren Labaka eta Egiguren azpeitiarrak Unax Manterola eta Oier Alegria hernaniarren aurka. Partidurik lehiatuena eta berdinduena izan zen. Jubeniletan, berriz, 22-7 gailendu ziren I. Egiguren eta Labaka, Unax Uitzi eta Unai Etxarriren aurka eta azkenik, seniorretan, 22-3 irabazi zuten partidua Alberdik eta Uzkudunek, Xabier Salaberria eta Mikel Lasaren kontra. Hernanik ez zuen aukerarik sailkatzeko eta aukera eman zion Herriartekoan jokatzeko Josu Oiagak bikote gazteari.

Finalerdietako joaneko neurketak ekainaren 12an, larunbatean, jokatuko dira eta bertan Astigarraga eta Azpeitia neurtuko dira. 2019ko bi finalistak dira eta final aurreratuaren itsura guztia izan dezake. Astigarragak atzo Tolosa kanporatu zuen Amezketan jokatutako kanporaketan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!