Zabaletak eta Eskuderok semifinala gaur, Beran

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 5a, 00:00

Ainhoa Zabaleta eta Maria Eskudero (eskuinean), torneoko partidu batean.

Goizuetarrek aurrean izango dituzte Couto eta Saenz errioxarrak, Nafarroako Foru Txapelketan, 15:00etan hasita.

Beran daukate hitzordu garrantzitsua gaur, Ainhoa Zabaleta eta Maria Eskudero goizuetarrek: se­mifinala jokatuko dute, Nafarroako Foru Komunitateko Txapelketan. Aurrean izango dituzte Ana Couto eta Cristina Saenz errioxarrak, finalerako pasearen bila. Arratsaldeko 15:00etan ha­siko da jaialdia, eta bertan jo­katuko da beste semifinala ere: Ania Oronoz eta Marie Goye­netche, Idoia Oregi eta Amaia Zubizarretaren kontra.

Umore Ona Txapelketak ere izango du protagonismoa, asteburuan. 16 partidu jokatuko dira guztira: Goizuetan lau, gaur goizeko 10:00etan hasita; eta bihar Aranon beste 12ak, erdia goizeko 10:00etan hasita, eta beste erdia arratsaldeko 16:00etan. Horietan ariko dira Urumea bailarako makina bat esku pelotari: 17 goizuetar, sei hernaniar, eta aranoar bat.

Herriartekoaren semifinalen bila Astigarraga, Amezketan

Eta zita garrantzitsua daukate esku pelotari astigartarrek ere, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketarekin. Final laurdenetako bueltakoa jokatuko dute gaur, goizeko 11:00etan hasita, Amezketan. Tolosa izango dute aurrean, eta pasea erraz ziurtatzea espero dute astigartarrek. Izan ere, joanekoan hiru partiduak irabazi zituzten, eta horietako bi alde nabarmenarekin. Gaur partidu bakarra irabaztea nahikoa dute aurrera egiteko.

Hernani, berriz, atzo arratsaldean zen bueltakoa jokatzekoa, Azpeitian. Ez zeukaten lan erraza esku pelotari hernaniarrek, joanekoan jasotako porrotari buelta ematen (1-2).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!